Euskarazko Ikus-entzunezko Lanen Zikloaren harira, Iratxe Fresnedaren eta Mikele Landaren obra bana pantailaratuko dute, gaur, 19:00etan hasita. Zinemagileak bertan izango dira. Sarrera doan da, edukiera bete arte.

Errotatiba-zinea

Iruñeko Civivox Kondestable gunean egiten ari diren Euskarazko Ikus-entzunezko Lanen Zikloaren baitan, Iratxe Fresneda arrigorriagarraren eta Mikele Landa eatarraren film labur bana eskainiko dute gaur. Nafar Ateneoak antolatuta, saioa 19:00etan hasiko da, eta emanaldiaren ostean zinemagileekin solasaldia egingo da.

2024ko KIMUAK bilduman aukeratutako obra da Fresnedaren Errotatiba, 66. ZINEBI jaialdian ere erakutsi dutena. Ohikoa duen materialtasun fisikoari helduta, arrigorriagarrak oroimenaren eta erregistroaren ideiari bueltaka ondu du bere ez-fikziozko lana: Pertsonak desagertu egiten dira, bizi izan zireneko eraikinak bezala, lan egin eta zoriontsu izan zireneko tokiak bezala. Aurpegi eta bizitza horiek, noizbait idatzizko oroimenaren parte izandakoak, desagertuko den oroimenarekin batera galduko dira, betiko ezer ez delako. Urak ekartzen duena, urak eramaten du.

Bestetik, Elías Querejeta Zine Eskolako ikasle zen bitartean Landak garatu zuen Noizko basoa obra egongo da ikusgai. Donostia Zinemaldiaren sail garrantzitsuenetako bat den NEST atalean aukeratu zuten 2022an, gainera, BBK Mendi Film Bilbao Bizkaiaren 16. edizioan lehiatu eta EITB Saria Euskarazko Film Onena aitortza jaso zuen: Baso bat berriz hasten da. Herri batek inoiz ikusi ez zuen paisaia bat gogoratzen du. Lur lehorra astintzen duten eskuak, aitzurrak eta botak, Ullan noizbait bizi ziren zuhaitzak azalera ateratzeko. Hemen sortzen da ibaia etengabe, eta jada ahantzitako hizkuntza bat xuxurlatzen du. Baso bihurtzen denean, nor biziko da leku honetan? Baso bat landatu al daiteke? Inork ahoskatuko al du bere izena? Non hasten da herri bat?

19:00etan ekingo diote bi film laburron emanaldiari. Ostean, Fresnedak eta Landak hitza hartuko dute, ikus-entzuleekin solasteko asmoz.