Ziklo ibiltariaren baitan zinema proiekzioak, erakusketak eta hezkuntza jarduerak prestatu dituzte. Egitasmoaren helburua “itsas hondoko edertasuna eta sekretuak adin guztietako publikoarengana hurbiltzea” da.

cimasub 25-otsaila-zinea

CIMASUB – Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloak hainbat herri bisitatuko ditu otsailean. 2024ko azaroaren 21etik 23ra bitartean Donostian ospatu den 48. zinemaldian ikusgai izan diren lanak Lasarte-Orian eta Zarautzen ari dira egunotan erakusten. Gainera, Donostian bertan, bestelako jarduerak egingo dituzte ere. Egitasmoak “ikusleak sentsibilizatu nahi ditu itsas ekosistemak zaintzearen garrantziaz. Zinema-saio bakoitza eta hezkuntza-jarduera bakoitza itsaspeko mundu liluragarriari irekitako leiho bat da, ozeanoekiko eta haien biodibertsitatearekiko errespetua sustatuz”.

Ikusgai izango diren filmek arrezifeen bizitza, esploratu gabeko sakonera eta gizakien eta itsasoaren arteko harreman konplexuak ezagutzera eramango dituzte ikus-entzuleak; baita ere, itsas kontserbazioa eta jasangarritasuna ardatz, ozeanoek klima-aldaketaren, baliabideen gehiegizko ustiapenaren eta kutsaduraren ondorioz dituzten erronkei helduko diete ere; itsas hondoko edertasuna eta sekretuak argitaratuko dituzte.

Gainera, Itsaspeko Txikizikloa, Adinzikloa eta argazki erakusketa berezia ere atondu dituzte. Lehenengoari dagokionez, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleei zuzenduta dago, eta gazteen artean ingurumen-kontzientzia sortzea du xede, guztia giro hezitzaile eta atsegin batean. Argazki erakusketak planetako urpeko hondorik ikusgarrienak azaleratuko ditu, espezie paregabeak eta urpeko paisaia ikaragarriak erakutsiz.

Jarraian duzue egitaraua:

LASARTE-ORIA (Manuel Lekuona Kultur Etxea)

  • Itsaspeko zine emanaldiak: otsailaren 10, 17 eta 24an, 19:00etan.
  • Argazki erakusketa (kultur etxeko kafetegian): otsailaren 10etik 27ra (astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 20:00etara).
  • Itsaspeko Txikizikloa: ikasleentzako hezkuntza-jarduera, otsailaren 10ean.
  • Itsaspeko Adinzikloa: Adinekoentzako saio berezia Atsobakar zahar-etxeetan.

ZARAUTZ (Modelo Zinema eta Merkatu plaza)

  • Itsaspeko zine emanaldiak: otsailaren 12an, 19an eta 26an, 19:00etan.
  • Argazki erakusketa: otsailaren 10etik 27ra (astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 19:00etara; larunbat eta igandeetan, 12:00etatik 14:00etara).
  • Itsaspeko Txikizikloa: proiekzioekin eta ikasleei zuzendutako hitzaldi batekin, urtarrilaren 22an
  • Itsaspeko Adinzikloa: Adinekoentzako saio berezia Maria Etxetxiki Zentroan.

DONOSTIA (Donostiako Berra eta Villa Sacramento zahar-etxeak)

  • Itsaspeko Adinzikloa: Cimasubek urpeko zinema eramango du Donostiako Berra eta Villa Sacramento zahar-etxeetako adinekoengana.