Larunbatean, otsailaren 8an, ospatu dute 2025eko ekitaldia, eta historian aurrenezko, bi filmek lortu dute aitortza nagusia: La infiltrada (Arantxa Echevarria) eta El 47 (Marcel Barrena).
Inoiz gertatu gabekoa gertatu da 39. Goya sarien ekitaldian. Film onenaren saria ex aequo banatu du Espainiako Zinema Akademiak, denon harridurarako. Urtean zehar ikusienak izan diren filmetako bik, hain zuzen ere, hautagaitza gehien zituzten bi proposamenek eskuratu dute gaualdiko aitortza preziatuena: ETAn infiltratuta egon zen Polizia Nazionaleko agente bati buruz ondutako La infiltrada thrillerrak eta 1978an Bartzelona eraldatu eta periferiako irudia betiko aldatu zuen oinarrizko auzo-mugimenduari buruzko El 47 lanak. Irabazleak iragartzeko modu nahasgarriak ziurgabetasuna sortu du lehen istantzian, ez baita argi gelditu partekatutako saria denik.
Maribel Verdú eta Leonor Watling aktoreek aurkeztu dute gala, ohi bezala, luzeegia izan dena, eta era guztietako aldarrikapenak entzun dira, bai alfonbra gorrian zein agertokian. Karla Sofía Gasconen aferari buruzko erreferentziak ez dira falta izan, baina batez ere, emozioa izan da nagusi. Aitana Sánchez-Gijonek eta Richard Gerek jaso dituzte ohorezko eta nazioarteko Goyak, hurrenez hurren, eta berriki zendutako Marisa Paredes aktorea eta Akademiako presidente izandakoa (2000-2003) zein Federico García Lorca poeta gogoratu dituzte.
‘Betiko gaua’, saririk gabe
Sorpresa sariketako azken errekonozimenduan etorri bada ere, Granadan ospatu duten hitzordua espero bezala gauzatu da. Film onenarena lortu badute, Arantxa Echevarria eta Marcel Barrena zuzendari onenaren saririk gabe gelditu dira, Isaki Lacuesta eta Pol Rodriguezen mesedetan (Segundo Premio). Eduard Fernándezek (Marco) eta Carolina Yustek (La infiltrada) irabazi dituzte aktore protagonista onenen sariak, eta Alberto Iglesiasek soinu banda onenarena (La habitación de al lado). La guitarra flamenca de Yerai Cortés (Antón Álvarez) izendatu dute dokumental onena, eta Mariposas negras (David Baute) animaziozko film luze onena; Ainda estou aquí (Walter Salles) Iberoamerikako film onena eta Emilia Pérez (Jacques Audiard) Europako pelikula onena. Halaber, aipatzekoa da azken urteotako ildoa eten duena Javier Macipek (La estrella azul), aspaldian zuzendari berri onenaren saria jaso duen aurreneko gizonezkoa izan baita.
Film laburrei dagokienez, Eneko Sagardoyren Betiko gaua –hautagai izan den euskaraz errodatutako proiektu bakarra– saririk gabe gelditu da, La gran obra-k (Álex Lora) lortu baitu fikziozko kategorian; dokumentalenean parte hartze euskal herritarra izan duen Semillas de Kivu (Carlos Valle eta Néstor López) izan da nagusi, eta animaziozkoenean, partaidetza nafarra duen Cafuné (Carlos Fernnández de Vigo eta Lorena Ares).
Ezagutu palmares osatua eta film sarituen kritikak, hemen.