EUSPOT – Euskarazko Spot Lehiaketaren antolatzaileek ikus-entzunezko publizitatearen gaineko ordu beteko formazioak eskainiko dituzte Euskal herriko ikastetxeetan, spot egileen harrobia indartzeko asmotan. Doako saioak izango dira honakoak, euskaraz eta 12 urtetik gorako ikasleei zuzendutakoak.

Euskarazko spoten sorkuntza bultzatzeko sortu zen EUSPOT – Euskarazko Spot Lehiaketa 2012 urtean. Bada, ordutik, aitzindaria da euskara, sormena eta publizitatearen arloa uztartzen eta erreferente bilakatu da euskarazko publizitatearen harrobia lantzen.

Aurten 14. edizioa ospatuko du, nerabezaro bete betean aurkitzen da, eta adin tarte horrek oso bereak dituen ezaugarrietatik abiatuta, aurtengo edizioak adiskidetasun harremanak izango ditu inspirazio iturri.

Zer da laguna izatea?

Zer da laguna izatea? gaiari erantzun beharko diote parte-hartzaileen proposamenek. 30 segundoko iragarki bat sortzea da helburua, gazteen artean harreman osasuntsuak eta errespetuzkoak sustatzeko. Bestela esanda, adiskidetasuna balioan jarriko duten spot sortzaile eta originalak bilatzen ditu antolakuntzak: Zeintzuk dira harreman osasuntsuen oinarriak? Nola jakin harreman bat osasuntsua dela?

Spoten inguruko formazio saioa jaso nahi?

Aurten ere antolakuntzak ikus-entzunezko publizitatearen gaineko ordu beteko formazioak eskainiko ditu Euskal herriko ikastetxeetan, spot egileen harrobia indartzeko asmotan. Formazio saioen helburua izango da gazteei sormenaren eta publizitatearen inguruan izan dezaketen sena sustatzea eta lehiaketan parte hartzera animatzea.

Doako saioak izango dira honakoak, ordubete inguruko luzapenekoak, eta 12 urtetik gorako ikasle taldeei zuzendurikoak. Euskara izango da lanerako hizkuntza, eta hogei ikasle baina gehiagoko taldetarako pentsatuta daude. Otsailaren 10etik maiatzaren 9ra bitartekoa izango da formazioak jasotzeko epea, eta interesdunek antolatzaileekin harremanetan jarri besterik ez dute egin behar.

Xehetasun gehiago, HEMEN.