Mendiola eta Bideberri ikastetxeetako 25 ikaslek parte hartuko dute Zinekin programaren hirugarren edizioan. Ekainean Aquariumean izango den aurrestreinaldian eta Donostiako Zinemaldian Trueba zineman egingo den saio berezian proiektatuko dira ekoitziko diren bi film laburrak.
Ikus-entzunezkoak eta sorkuntza zinematografikoa ezagutzeko, erabiltzeko eta baliatzeko aukera gutxi duten 14-17 urte bitarteko nerabeei bideratutako programa da ZINEKIN, Zaragüeta Zulaica Fundazioak sortu eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura eta Lankidetza Departamentuak bultzatutakoa. Hala, bertako partaide diren gazteek film laburrak egiteko sormen-prozesu osoa bizitzeko aukera dute: gidoia, zuzendaritza, interpretazioak, lan teknikoak, edizioa etab.
Kohesioa eta integrazioa
Gazte talde bati zinemaren bidez garapen pertsonal eta profesionaleko ibilbide berri bat sortzeko aukera da proiektuaren oinarrian. Hau da, tailer eta praktika kolaboratiboen bidez, zinemari buruzko prestakuntza praktikoa jaso dute ikasleek, eta beren istorioak kontatzeko gaitasun sortzaileak eta teknikoak garatu dituzte. Ildo honi jarraiki, sektore zinematografikoko profesionalekin lankidetzan aritzeak aukera eman die aurre-produkzioaren, filmaketaren eta postprodukzioaren etapa guztietan bete-betean murgiltzeko.
Hirugarren edizioa
Hirugarren edizio honetarako, Donostiako Bideberri institutua eta Mendiola ikastetxea aukeratu dituzte: beren gizarte-testuinguruagatik, baina baita ikasleen kultura-aniztasunak Donostiari aberastasun handia dakarkiolako ere. «Kohesioa eta gizarteratzea dira hiriaren nortasun-ikur eta indargune, eta erakunde publikoen zeregina da pertsona guztien erabateko integrazioaren aldeko politikak egitea», nabarmendu du Goizane Álvarezek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Lankidetza diputatuak.
Donostiako Bidebieta auzoko Mendiola ikastetxe publikoko Lehen Hezkuntzako 6. mailako hamar ikasle ari dira dagoeneko proiektuaren hirugarren edizioa izango denean parte hartzen, eta martxoaren amaieran Bideberri institutuko DBHko 3. mailako hamabost ikasle batuko zaizkie. Talde bakoitzak film labur bat sortu beharko du, zortzi asteko epean. Ondoren, ekainean, aurrestreinaldia egingo dute Aquariumean, eta, irailean, saio berezi batean proiektatuko dira Trueba zineman, Donostiako Zinemaldiaren baitan.
Xehetasunak, HEMEN.