Basatiak (Claude Barras, 2024) filma ostiral honetan estreinatuko da EAEko hainbat aretotan, Zinema Euskaraz programaren eskutik. Publiko orokorrari bideratua dagoen film suitzarra euskarara bikoiztuta ikusi ahal izango dugu.

Borneon, oihan tropikalean kokatutako herrixka batean, bizi da Keria, eta orangutan kume bat aurkituko du aitak lan egiten duen olio-palmondoen landaketan. Natura biziki maite du eta basoa suntsitzearen aurka borrokatuko du, Selai izeneko bere lehengusuarekin batera. Abentura honi esker bere jatorriarekin konektatzeko aukera izango dute.

Bada, filma hurrengo zinema-aretoetan proiektatuko da: Golem Alhondiga (Bilbo), Bastero Kulturgunea (Andoain), Gurea Antzokia (Villabona), Ikusgarri Zinema (Lekeitio), SADE Cines Antiguo Berri (Donostia), Gorbeia Zinemak (Gasteiz), Niessen (Errenteria), Golem La Morea (Iruña), Usurbe Antzokia (Beasain) eta Modelo Aretoa (Zarautz).

Zinema Euskaraz

Zineuskadiren Zinema Euskaraz egitasmoari esker, euskaraz ikusi ahalko da filma Euskal Herriko areto nagusietan. Programak aurten aurkeztuko duen bigarren filma da honakoa.

Euskal ikus-entzunezkoen sektoreari laguntzeko helburua du Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak bultzatutako programa honek, eta haur zein gazteei zuzendutako pelikulen bikoizketaz arduratzen da, zinemagintzan ere euskararen hedapena bultzatzearren.

Hala, datozen asteetan ere helduko dira proposamenak, esaterako, martxoaren 7an, The Day the Earth Blew Up: A Looney Tunes Movie, eta martxoaren 28an, Frida.