Euskal Autonomi Erkidegoko eta Iberoamerikako filmen kopien irisgarritasuna bermatzeko dirulaguntza deialdia publikatu berri du Zineuskadi Elkarteak. Bi izango dira laguntza modalitateak, eta 105.000€ banatuko dira orotara.

zineuskadi-logoa

Zinema-aretoetan ikus-entzunezkoak estreinatzeko bidea errazteko helburua du ekimenak, beti ere, 2024ko irailaren 1etik 2024ko abenduaren 31ra arteko jarduna kontuan hartuta. Horretarako, EAEn eta lurralde ibero-amerikarretan finkatutako konpainiek ekoitzitako lanak programatu izana hartu da kontuan, betiere, bi urtetik beherako antzinatasuna baldin badute Espainian estreinatu zirenetik, ICAAren datu-basean adierazitakoaren arabera.

Laguntza-deialdi honetatik kanpo geldituko dira, halaber, publizitate-filmak, pornografikoak eta arrazakeriaren edo indarkeriaren apologia egiten duten lanak proiektatzeko gastuak. Era berean, ez dute Erresuma Batuko filmerik onartuko, Europar Batasunekoak ez direlako.

Laguntzen norakoa, zenbatekoa eta muga

Deialdi honetan aurrez ikusitako laguntzetarako guztizko gehieneko zenbatekoa 105.000€- koa izango da, eta honela banatuko da: 75.000€ bideratuko dira gehienez hiru pantaila dituzten aretoen modalitaterako, eta 25.000€ hiru pantaila baino gehiago dituztenentzat. Gainera, fase bakoitzean, 5.000€-ko kontu-saila bideratuko da Zinema Euskaraz programako filmen kopiak alokatzeagatik sortutako gastua diruz laguntzeko.

Era berean, Zineuskadik gogorarazi du 15.000€koa izango dela, erakusketa-areto bakoitzeko, deialdi honen arabera eman daitekeen laguntzaren gehieneko zenbatekoa.

Eskaerak aurkezteko epea 2025eko otsailaren 7an hasi eta martxoaren 7en amaituko da.

Ikusi deialdia xehe, HEMEN.