Emakume ijito eta ijito ez direnen arteko zubi-lana egitea du abiapuntu zinemagile zornotzarraren lanak. Calouste Gulbenkian Fundazioaren egoitzan aurkeztuko du bere proiektua, larunbatean.
Lara Izagirrek esku artean duen Empoderío proiektua aurkeztuko du, bihar, Lisboan. AMUGE – Euskadiko emakume ijitoak bultzatzeko eta ahalduntzeko kulturarteko elkarteko bost partaiderekin batera -Salua Belkir Afif, Nuria Urrutia Cruz, Janire Goikoetxea Ozalla, Laura Manzanes Álvarez y Mari Mar Clavería- egingo du bidaia; Tamara Clavería eta Paula Piñón Sainz presidenteak batuko zaizkie, baita lan-taldeko kideak ere.
Gariza Filmsek babestutako filmaren errodajearekin jarraitzeko asmoz joko dute Lisboara ere, eta PARTIS & Art for Change egitasmoaren baitako hizketaldietan arituko dira, Calouste Gulbenkian eta La Caixa fundazioek bultzatutakoa dena. 15:00etan hasiko da enkontrua.
Hain zuzen ere, bi fundazioen partaidetza du Izagirreren dokumentalak, baita Bizkaiko Foru Aldundiarena ere. Proiektuak emakume ijito eta ijito ez direnen arteko zubi-lanak egin nahi ditu, barrearen eta interpretazioaren bidez: Irribarre eta konplizitate artean, emakume ijitoen talde batek hainbat sekuentzia inprobisatuko ditu Otxarkoagako (Bilbo) Zentro Zibikoan. Errealitatea eta fikzioa nahastu egingo dira. Jokoa, dibertimendua, ahalduntzea eta ahizpatasuna elkartu egingo dira Euskal Herriko emakume ijitoei eskainitako maitasun gutuna izan nahi duen dokumental honetan.
‘Yerma’, preprodukzioan
Gariza Films Yerma filmaren preprodukzio prozesuan murgilduta dago ere, Izagirrek berak Maria Goirizelaiarekin batera idatzitakoa izango dena. Neda Film ekoiztetxe greziarrarekin bata ari dira koprodukzioan, eta 2025 eta 2026 artean errodatuko dute, euskaraz. Gaur bertan, Izagirrek bere fikziozko hirugarren film luzearen inguruan hitz egingo du Granadan, Lorca Museoan, eta aldamenean izango ditu Paula Ortiz zinemagilea, Valeria Camporesi zinema historialaria eta Cristobal García ekoizlea. Cecilia Cano kazetaria izango da moderatzailea.