The Texas Chainsaw Massacre (Tobe Hooper, 1974) filmeko pertsonaia ageri da Bilboko Zinemaldi Fantastikoko kartel nagusian. Kultuzko filma PreFANT zikloan egongo da ikusgai.
Maiatzaren 2tik 10era bitartean ospatuko den FANT – Bilboko Zinemaldi Fantastikoak 31. edizioko irudia aurkeztu du. Azken urteotako ildoa jarraituz, fantasiazko zinemako pertsonaia mitikoenei ikusgarritasuna emango diote aurten ere, kasu honetan, The Texas Chainsaw Massacre (Tobe Hooper, 1974) filmeko pertsonaia ikonikoa omenduz. Bere maskara eta motozerrarekin, aurkeztu dituzten bi proposamenetan ageri da.
Publiko orokorrari zuzendutako kartela zinema atrezzoan eta efektu berezietan aditua den Trick or Treat Studios-ek egin du, eta filmaren maskara beldurgarriaren erreplika bat ageri da. Publiko espezializatuarentzako kartelean, bestalde, Leatherface oso bat aurkezten dute, motozerra ikonikoa barne.
Estreinatu zenetik, kultuzko filma bilakatu da The Texas Chainsaw Massacre, beldurrezko zineman mugarri eta “slasher” azpigeneroaren aitzindaria izanik. Arrasto izugarria utzi du, Leatherface pertsonaia beldurgarria ezagutu eta mende erdira, prekuelak eta remake-ak egin baitira.
PreFANT zikloa
Ohi bezala, zinema jaialdi bilbotarra abiatu aurreko aste eta hilabeteetan hainbat emanaldi egingo dituzte, herritarrak erakartzeko asmoz. Apirilaren 10ean, 2025eko irudia inspiratu duen filma bera ikusteko aukera egongo da, 19:30ean, Golem Alhondiga zinemetan. Sarrera doakoa izango da, eta aldez aurretik leihatilan jaso beharko da, proiekzioaren egunean bertan, 16:30etik aurrera.
Filmean, bost nerabe horietako biren antzinako familia-etxera joango dira aitonaren hilobia bisitatzera, profanatua izan dela entzun ondoren. Bere asteburua beldurrezko eta heriotzazko amesgaizto bihurtuko da, Leatherfacek gidatutako psikopata familia batek jazarri ondoren, bere zerra mekanikoa taldearen aurka erabiliz.
Aurretik baina, otsailaren 12an, Nacho Vigalondoren Daniela Forever euskal koprodukzioaren aurrestreinaldia egingo dute. Sayaka Producciones-ek ekoiztua da, Wrong Men, Señor y Señora, Mediacrest Entertainment eta XYZ Filmsekin batera, eta irailean estreinatu zen Torontoko Zinemaldian; Sitgesko zinema jaialdian eta berriki Zinemastean erakutsi dute ere.
Bere ametsak kontrolatzeko ahalmena emango dion saiakuntza kliniko batean parte hartzera gonbidatuko duten Nicolasen istorioa kontatuko du, Daniela neska-lagunaren heriotzaren ondoren bere bizitzak zentzu guztia galdu duela sentitzen duenarena. Proba klinikoari baiezkoa emango dio, eta neska-laguna suspertuko duelakoan. Orain Nicolasek gauero amets egin dezake Danielarekin eta elkarren artean inoiz baino idilikoagoa den harremanari berriro ekin. Ametsetan bada ere. Eta haietan bere burua betiko galtzeko arriskuarekin.
Filma 19:30etan proiektatuko da Gólem Alhóndiga zinema-aretoetan. Sarrera librea izango da lekua bete arte. Gonbidapena jaso beharko da zinemako leihatiletan 16:30etatik aurrera.