Bosgarren urtez segidan, Euskal Dokumentalen Zikloa antolatu dute Lasarte-Oriako Okendo Zineklubeko kideek. Memoria historikoa, sexu abusuak, gerra eta migrazioa, musika eta esperimentazioa… ertz askotariko gaiak biltzen dituen programazioa atondu dute, otsaila osoan zehar zabalduko dena.

Lasarte-Oriako zinemazaleak Martin Lekuona Kultur Etxean biltzen dira areto komertzialetara nekez heltzen diren ikus-entzunezkoez gozatzeko. 80ko hamarkadan jarri zuten martxan Okendo Zinema Taldearen proiektorea, eta hainbat urtez saiorik egin ez arren, gogotsu itzuli ziren pandemia osteko garaian.

Bada, bosgarren urtez segidan aurkeztu dute euskal dokumentalei eskainitako mostra berezia, otsaileko emanaldiak hartuko dituen ertz askotariko programazio berezia. Nobedade gisa, gainera, film laburrei eskainitako eguna egingo dute, eta dokumentalaren eta fikzioaren arteko marra finaz gogoeta egiteko aukera ere izango da egun hori. Ohiko moduan, filmetako zuzendariak bertaratuko dira saioetara,  proiekzioen ostean solasaldia egin eta ikusitakoaren inguruan gogoetatzeko.

Emanaldiak otsailean, ostiralero, izango dira. 20:00etatik aurrera, Martin Lekuona Kultur Etxean:

-Otsailak 7 | INDARKERIAREN OI(H)ARTZUNAK (Amaia Merino eta Ander Iriarte, 2024)
-Otsailak 14 | FILM LABURREN EMANALDIA

  • Puzzleak (Kote Camacho, 2024)
  • De agua y arena (Telmo Irureta, 2024)
  • Zona Wao (Nagore Ezeiza, 2024)
  • Europa (Ekain Irigoyen, 2024)

-Otsailak 21 | ZINZINDURRUNKARRATZ (Oskar Alegria, 2024)
-Otsailak 28 | ITOIZ. UDAKO SESIOAK (Larraitz Zuazo, Zuri Goikoetxea eta Ainhoa Andraka, 2024)