Zuzendariak: Ainhoa Andraka, Larraitz Zuazo eta Zuri Goikoetxea

Urtea: 2024

Herrialdea: Euskal Herria

Berriki ezagutu ditugun La estrella azul (Javier Macipe, 2023) eta Segundo premio (Isaki Lacuesta, Pol Rodríguez, 2024) bezalako ekoizpen ausart eta askeen ildoari nolabait tiraka, musika ardatz duen film iradokitzaile batekin lehiatu ziren Ainhoa Andraka, Larraitz Zuazo eta Zuri Goikoetxea 66. ZINEBI jaialdiko ZIFF – ZINEBI First Film Nazioarteko Lehiaketan. Doxa Producciones ekoiztetxearen babespean, 7-8 urte eman dituzte proiektua garatzen -2019an ZINEBI Networking Bilboko Dokumentalean Foroan parte hartu zuen-, eta orain, azkenean, zinema aretoetara iritsi da.

Sei eskutara zuzenduta, Euskal Herriko rock panorama irauli zuen euskarazko banda sailkaezinaren memoria berreskuratzeko ariketa onirikoa da ITOIZ UDAKO SESIOAK filma; Juan Carlos Perez Itoiz taldeko abeslari eta liderraren begiradatik, haren haurtzaroa, sormenerako grina, gerora belaunaldiz belaunaldi erreferentziazko bilakatuko zen taldearen hastapenak eta inoiz argitaratu gabeko materialak dakartza. Dokumental klasikoaren mugak eta erritmoak hautsiz, fikziozko pasarteen bidez jolastera gonbidatuko gaituzte zinemagileek. Hala azaldu du Goikoetxeak, propio: “Horiek ez dira errekreazioak, oroitzapenen filmazioak baizik, gure interpretazioak. Ausentzia baten filmazioa dira, Juan Carlos Perezen errebelazio momentuei lotuta daudenak”.

Filmari izenburua ematen dioten udako sesioen zinta baten agerpena da beronen bihotza.  Itoizi buruzko artxiboko irudi eta errekurtsorik apenaz dagoela jakitun, zinemagileek deialdia zabaldu zieten herritarrei edozein material jasotzeko prest daudela azalduz, eta hala agertu zen Juan Carlos Perezek eta Jose Garate ‘Foisis’ baxu-jotzaileak 60ko hamarkada bukaeran grabatutako kasetea. “Orduantxe hartu zuen proiektuak norabide zuzena, taldeko liderra bere sorkuntzarako bulkadaren aurrean jartzea erabaki genuen, bidaia emozional batean; eta ez informatiboan”, dio Andrakak.

Bada, hiru geruza mailakatuko ditu ITOIZ UDAKO SESIOAKek. Fikzioaren bitartez kontatutako haurtzaroa; telebista grabazio, argazki eta kontzertuetako irudiak; eta orainaldiko enkontru bizki sentimentalak. Hala azaldu du Zuazok: “Eszenaratze berezia planteatu dugu orainaldiko momentuak filmatzeko. Juan Carlosek ez zekien zein gerturatuko zitzaion, hala, banan banan, taldekideekin solasteko aukera izan zuen, eta horiek galdetegi bat zekarten prestatuta, Itoizen historia eta diskurtso ofizial horretatik irten eta ikuspuntu eta gai berrietara ireki zitezen”.

Agertu ahala desagertuko dira taldekideak, baina bertan mantenduko da Juan Carlos Perez, pentsakor, haunsarkor, eta musikak harilkatuta joango da narrazioa aurrera eta atzera, gu bezala. Ispilu bat balitz bezala, denborak itzultzen duen isla antzeman dezakegu abeslari eta liderraren aurpegian. Urteen joanak pitzatutako zauriak sendatuta, opari ezin ederragoa egingo digute Andrakak, Goikoetxeak eta Zuazok, berriz ere, kamerak markatzen duen distantzia apurtuta, zuzenean biziko baitugu Itoiz taula-gainean.