Nafarroa Zinemaren Lurraldea lehiaketako film labur nafarrak aurkeztuko dituzte, eta Chantal Akerman zein Robert Altman zinemagileak izango dituzte gogoan.
Chantal Akerman zinemagile belgikarrari eskainitako atzera begirakoarekin abiatuko du Nafarroako Filmotekak otsailerako prestatutako egitaraua. Asteazkenero egingo dituzte saioak, aurkezpen bereziekin. Hilaren 5ean Saute Ma Ville (1968), Hotel des Acacias (Akerman, Yves Hanchar, Pierre Charles Rochette, François Vanderveken, Isabelle Willems eta Michèle Blondeel, 1982) eta La paresse (1986) film laburrak emango dituzte.
Hurrengo astean, Je tu il elle (1974) egongo da ikusgai, eta hirugarren saioan Akermanen lan esanguratsuena emango dute, Jeanne Dielman, 23 Quai du Commerce, 1080 Bruxelles (1975), zinema feministako maisulana kontsideratzen dena eta Sight and Sound aldizkari entzutetsuak zinemaren historiako film onena izendatu duena. Delphine Swyrigek antzeztua, filmeko protagonista egunerokotasunaren esklabotzan kaiolatutako emakumea da, bere seme nerabea zaintzen duen bitartean egunero ekintza berberak errepikatzera kondenatua dagoena. Azkenik, Les rendez-vous d’Anna (1978) egongo da ikusgai.
Bestetik, otsailaren 6an, Nafarroako leku turistikoetan kokatutako fikziozko 10 film labur ekoizten laguntzea helburu duen Nafarroa Zinemaren Lurraldea lehiaketako finalistak proiektatuko dituzte, eta astebete beranduago Iñaki eta Nico Williams anaia futbolariei, eta haien familiari, buruz Raul de la Fuentek zuzendutako Williamstarrak (2024) dokumentala aurkeztuko dute zinemagileak berak eta Amaia Remirez ekoizleak.
Ostiraletako hitzordua Ezinbesteko Zinema zikloari eskainiko diote. Zinemaren historian arrasto gehien utzi dituzten filmak modu ordenatuan erreskatatzen ditu egitasmoak, ‘zazpigarren artea’ etiketaren merezimendua duten lanak erakusteko. Ondorengo lanak berreskuratuko dituzte: Le silence est d’or (René Clair, 1947),Les diaboliques (Henri-George Clouzot, 1955), Au hasard Balthazar (Robert Bresson, 1966), L’aveu (Constantin Costa-Gavras, 1970).
Saio bereziei dagokienez, Robert Altman izango dute gogoan, M.A.S.H. (1970) pantailaratuz, eta Nafarroako Ateneoak antolatutako hitzorduan Abbas Kiarostami irandarraren Zendegi va digar hich (1992) emango dute.
Lurralde osoko emanaldiak
Nafarroako Filmotekak lurralde osora zabalduko du bere egitaraua. Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiaren laguntzarekin bultzatua eta NICDOk (Navarra Impulsa Cultura, Deporte y Ocio) antolatua, programazio-sarearen parte izango dira Aoiz (otsailaren 16an) –El que no ve eta Why (Natxo Leuza, 2023)- eta Altsasu (otsailaren 17an) –Contadores (Irati Gorostidi, 2024), Tito (Javier Celay, 2024) eta Por fin me jubilo (Belen Calama, 2024).
Ezagutu egitarau osoa, hemen.
Leave A Comment