80ko hamarkadaren amaierako Bilbon girotutako ‘Los Aitas’ road movie filma, Borja Cobeaga donostiarrak zuzendutakoa, martxoaren 21ean helduko da Hego Euskal Herriko zinema-aretotara.
Bilboko langile auzo batean, 1980ko hamarkadan, gimnasia erritmikoko neskato talde bati Berlingo txapelketa batean parte hartzeko aukera sortuko zaio. Aita talde baten laguntzaz bidaiatuko dute bertara, baina, egiaz, ez dirudi oso interesatuak daudenik bidaian, ez eta kirolean edo alabengan.
Hauxe Borja Cobeaga zinemagile donostiarraren lan berrienak kontatuko duena. Ekaina erdialdean abiatu zuen filmaketa, Bilbon, eta hilabetez aritu ziren irudiak hartzen. Aktore protagonisten artean ageri dira Quim Gutierrez, Juan Diego Botto, Ramon Barea, Sofia Otero, Irati Goitia, Mara Garces Renedo, Vera Lopez, Irati Garcia, Aitor Sanz Alvarez, Iñaki Ardanaz, Mikel Losada eta Laura Weissmahr.
Zuzendariak azaldu duenez, “aitatasunari buruz” idatzi duen lehen gidoia da honakoa, eta haren idazketa prozesuan aurrera egin ahala jabetu da aitatasuna bera baino, seme edo alaba izateko moduak direla istorioaren funtsa. Era berean, nabarmendu du “inoiz” ez duela horrelako film koralik egin, eta hori izan dela proiektuaren erronketako bat.
Cobeagak berak eta Valentina Visok idatzi dute gidoia, eta EITBren parte-hartzea du filmak. Inicia Films, BTeam Prods eta Sayaka Producciones enpresen ekoizpena da, Belgikako UMEDIA enpresarekin elkarlanean eta EITB, Eusko Jaurlaritza, ICEC, Movistar+, RTVE, TV3 eta ICAA enpresen laguntzarekin.
Bteam Pictures banatzailearen eskuetatik helduko da Hego Euskal Herriko zinema-aretotara.
Leave A Comment