Epaimahaiak Arantxa Echevarriaren lana nabarmendu du, aldiz, ikus-entzuleek Soy Nevenka (Iciar Bollain) izan dute gustukoen. Estibaliz Urresolak jaso du Gutako bat saria.

Zinemastea 2025-zinea

Iazko ediziora arte Gasteizko Euskal Zinemaren Astea lez ezaguna izan den mostrak urtarrilaren 24tik 31ra bitartean ospatu du 41. edizioa. Astebetez, nazioarteko zinema jaialdietan erakutsi, zinema aretoetan arrakasta izan edota ospatzear diren Goya Sarietarako izendapenak lortu dituzten proiektu euskal herritarrak erakutsi dituzte, bederatzi guztira, eta lehiaketa egunak igarota, irabazleen berri eman dute.

Amaiera gala eta sari-banaketa ekitaldia otsailaren 1ean ospatu dute, Europa Jauregian, eta bost sari ebatzi ditu Ginés García Millánek, Inés Parisek, Ángela Armerok, Irene Arcosek eta Luis E. Parések osatutako epaimahaiak. Arantxa Echevarria zinemagile bilbotarrak zuzendutako La infiltrada izendatu dute aurtengo edizioko film onena, eta bertan aktore aritu den Diego Anidok jaso du taldeko interpretazio onenaren saria.

Zuzendari onena, bestetik, Nacho Vigalondo (Daniela forever) aukeratu dute, eta Miren Gaztañaga interprete nagusi onena. Hain zuzen ere, parte hartu duen Azken erromantikoak (David Perez Sañudo) filma izan da 41. Zinemastean erakutsi duten euskara hutsez errodatutako bakarra. Ikus-entzuleek Soy Nevenka (Iciar Bollain) izan dute gustukoen.

Jon Plazaolak eta María Cruickshankek aurkeztu dute amaiera gala, eta aurrenekoz, Zinemastea Sari Berezia banatu dute, EiTBk jaso duena; Gorka Garcia erakunde publikoko programa zuzendari eta zuzendari artistikoak hartu du eskuetan. Azkenik, Vital Fundazioak Estibaliz Urresola zuzendariari eman dio Gutako Bat saria, Arabako zinemagintzako profesional gailena izateagatik.

Euskal Zinema Dokumentalaren Astearen iazko edizioan garaile izan zen Los Williams dokumentaleko arduradunei Dokumental Onenarentzako Publikoaren Saria eman diote ere.