Gazteen arteko harreman osasuntsuak eta errespetuzkoak izango dira EUSPOT – Euskarazko Spot Lehiaketako 14. edizioaren ardatza. 2025eko maiatzaren 26an bukatuko da lanak aurkezteko epea.
Euskarazko spoten sorkuntza bultzatzeko sortu zen EUSPOT – Euskarazko Spot Lehiaketa 2012 urtean. Bada, ordutik, aitzindaria da euskara, sormena eta publizitatearen arloa uztartzen eta erreferente bilakatu da euskarazko publizitatearen harrobia lantzen.
Aurten 14. edizioa ospatuko du, nerabezaro bete betean aurkitzen da, eta adin tarte horrek oso bereak dituen ezaugarrietatik abiatuta, aurtengo edizioak adiskidetasun harremanak izango ditu inspirazio iturri.
Zer da laguna izatea?
Zer da laguna izatea? gaiari erantzun beharko diote parte-hartzaileen proposamenek. 30 segundoko iragarki bat sortzea da helburua, gazteen artean harreman osasuntsuak eta errespetuzkoak sustatzeko. Bestela esanda, adiskidetasuna balioan jarriko duten spot sortzaile eta originalak bilatzen ditu antolakuntzak: Zeintzuk dira harreman osasuntsuen oinarriak? Nola jakin harreman bat osasuntsua dela?
Harreman osasuntsuak funtsezkoak dira garapen integral, sozial eta emozionalerako, eta beharrezkoak dira nortasuna eraikitzeko eta ongizate orokorra lortzeko. Harreman osasuntsu horiek eraikitzeko orduan, lagunek garrantzi handia dute. Adiskidetasuna errespetua, babes eta onarpena izatea da, epairik gabe norbera izateko aukera. Harreman horretan lekua eta elkarren laguntza izateko aukera izatea, eta bidea elkarrekin egitearen sentsazioa. Lagun bat altxor bat da, zaindu beharreko harreman estu, sendo eta orekatua.
3.000 euro baino gehiago saritan
Parte-hartzaileek 2025eko maiatzaren 26a bitartean izango dute aukera euren lanak egin eta aurkezteko. Horien iraupena 30 segundokoa izan behar da gehienez, eta edozein formatutan grabatu ahal izango dira: horizontalean ala bertikalean.
Hainbat sari egongo dira jokoan:
Sari nagusiak:
- Spotik onena: 1.000 €
- Publikoaren saria: 500 €
- Gazteen saria (14-18 urte): 500 €
- Musika sinkronizazio onenaren saria: 300 €
Sari gehigarriak:
- Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik onena: 500€
- Arizmendiko ikasleen spotik onena (250 euro).
Parte hartu nahi dutenek, briefing-a eta oinarriak lehiaketaren webgunean dituzte eskuragarri, eta http://www.euspot.eus/parte-hartu loturako galdetegia bete beharko dute lana aurkezterakoan.
Leave A Comment