Azerik eta erbik basoa salbatzen dute (Mascha Halberstad, 2024) filma iragan ostiralean estreinatu zen EAEko hainbat aretotan, Zinema Euskaraz programaren eskutik. Publiko orokorrari bideratua dagoen film holandarra euskarara bikoiztuta ikusi ahal izango da gurean.

Basoan gauza arraroak gertatzen ari dira: Hontza desagertu egin da, arratoi bihurri batzuek izututa dauzkate auzokoak eta laku batek gainezka egin du, basoan bizi diren gure lagunen etxeak urpean utziz. Akaso Kastore megalomanoaren lana izan daiteke? Azerik eta Erbik deskubritu egin nahi dute. Beren lagunik onena aurkitu behar dute, Hontza, eta euren etxeak salbatu nahi dituzte. Baina horrek arriskuan jarriko du haien adiskidetasuna.

Filma iragan ostiraletik aurrera duzue ikusgai, Hego Euskal Herriko ondorengo aretotan: Golem Alhondiga (Bilbo), Zugaza Zinema (Durango), Gorbeia Zinemak (Gasteiz), Niessen (Errenteria), SADE Cines Antiguo Berri (Donostia) eta Golem La Morea (Iruña).

Zinema Euskaraz

Zineuskadiren Zinema Euskaraz egitasmoari esker, euskaraz ikusi ahalko da filma Euskal Herriko areto nagusietan. Programak aurten aurkeztuko duen lehen filma da honakoa.

Euskal ikus-entzunezkoen sektoreari laguntzeko helburua du Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak bultzatutako programa honek, eta haur zein gazteei zuzendutako pelikulen bikoizketaz arduratzen da, zinemagintzan ere euskararen hedapena bultzatzearren.

Hala, datozen asteetan ere helduko dira proposamenak, esaterako, otsailaren 7an,  Basatiak (2024).