Film laburren sei proiekzio eta zazpi kontzertuk osatuko dute ekainaren 26tik 28ra bitartean ospatuko den ekitaldia. Festibala hasi aurreko egunean euskaraz errodatzeko erronkei buruzko mahai-inguru bat hartuko du Izaskun Arrue Kulturguneak.

Korterraza 2025-deialdia-zinea

Kultura Kalean! Elkarteak antolatuta, ekainaren 26tik 28ra bitartean egingo dute Korterraza – Gasteizko Film Laburren Jaialdiaren 16. edizioa. Bertan parte hartu nahi duten sortzaileek maiatzaren 16ra arte izango dute izen-emate deialdia zabalik, eta proposamenak aurkezteko hiru bide daude: Movibeta, Festhome eta ClickForFestivals plataformak

Ohi bezala, film laburren Sail Ofizialaren osagarri izango dira Erakusketa, Komedia eta Korterraza Txiki sailak. Behin Gasteizko emanaldiak bukatuta, Araban zehar erakutsiko dituzte lanak zirkuitu ibiltarian, eta Korterraza Sentsibiliza programarekin gai sozialak jorratuko dituzte, abuztuaren 21ean.

Hautatutako lanak (35-40 aurreikusten dituzte) Artium Museoko kanpoko terrazan pantailaratuko dituzte, lau saiotan. Saioak doan izango dira, 22:00etan hasita, eta guztira 8.000 euro banatuko dira saritan.

Deialdia argitaratzearekin batera zabaldu dituzte ere honen OINARRIAK. Festibalaren atari ofizialean kontsulta ditzakezue, aurreko edizioetako edukiekin batera.

Berrikuntzak

Bestalde, 2025eko hitzorduko datak jakitera emateaz gain, argitu dute 16. Korterraza jaialdia berrikuntzaz beteta datorrela. Lehiaketa hasi aurreko egunean, ekainaren 25ean, euskarazko lanak ardatz izango dituen jardunaldi bat hartuko du Izaskun Arrue Kulturguneak. Hainbat film labur pantailaratuko dituzte lehenik, eta euskaraz filmatzearen erronkei buruzko mahai-ingurua egingo dute ostean.

Musika kontzertuei dagokienez, dagoeneko baieztatu dute lehen talde gonbidatua: Sex Museum madrildarra. Erreferentea da rock musikan, eta agertokietan 40 urte daramatzatela ospatuko dute aurten. Hirugarrenez izango dira jaialdian.

Bestetik, Erronka Garbia ziurtagiria 2019an lortu zutenetik, Korterraza elkarteak ekitaldi jasangarri eta ingurunearekiko errespetuzko bat bihurtzeko apustuari eutsiko dio.