Atera Films banatzaileak argitu duenez 33.000 euro bildu ditu Larraitz Zuazok, Zuri Goikoetxeak eta Ainhoa Andrakak zuzendutako lanak zinema aretoetan.

Itoiz-zinea

Urtarrilaren 24an heldu zen Itoiz udako sesioak filma Hego Euskal Herriko zinema-areto nagusietara, eta ordutik, herriz herrikoan dabil baita; otsailean sartzearekin batera Ipar Euskal Herrian ere estreinatu da. Astebete luze eman du Larraitz Zuazok, Zuri Goikoetxeak eta Ainhoa Andrakak zuzendutako lanak aretoetan, eta Atera Films banatzaileak argitu dutenez, 7.000 ikus-entzule izan ditu, eta 33.000 euro bildu ditu.

70eko hamarkadaren amaieran Mutrikuko mutil batek Rock-talde bat sortu nahi zuela erabaki zuen. Hamar urte beranduago, talde horrek aretoak bete eta salmenta-markak hausten zituen. Euskal musikaren panoraman erreferente bilakatu zen Itoiz. 10 urteko historia labur baina arrakastatsuaren ondoren, Juan Carlos Perezek abentura amaitutzat eman zuen. Kritikari eta zaleen harridurarako, unerik gorenean erabaki zuen ibilbidea etetea; 30 urte beranduago ezin dio haren itzalari iskin egin.

Izan ere, zer geratu da 70eko hamarkadaren erdialdean eztanda egin zuen banda hartatik? Zalantzarik gabe, bizirik dirauen kultura-ondarea. Hain zuzen, aztarna horiek guztiak biltzen saiatu da Doxa Producciones ekoiztetxea, Larraitz Zuazok, Zuri Goikoetxeak eta Ainhoa Andrakak gidatutako proiektu dokumentalean. Juan Carlos Perez buruaren eskutik, izan zenaren eta izan zitekeenaren puzzlea berrosatzea da xedea.

#Kritika | ITOIZ UDAKO SESIOAK: Oroitzapenen dunen atzetik dabil

100 minutuko bidaia katartikoa eta nolabait onirikoa, taldeko kide esanguratsuenekin topaketak barne hartzen dituena, ikuslearen esku utziz benetakoak diren edo Juan Carlosen barne mundukoak diren. Topaketetan inoiz eztabaidatu ez zenaz hitz egiten da, zintetan entzuten diren abesti argitaragabeak berrikusten dira eta taldearen une garrantzitsuak berpizten dira.

ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdian aurkeztu, eta FICX – Xixongo Nazioarteko Zinemaldiaren Retueyos sail lehiakorrean proiektatu ostean, dagoeneko Hego Euskal Herriko zein Espainiako lurraldeko zinema aretoetara iritsi da dokumentala.