Urtarrilaren 30az geroztik bildumatxoa ikusgai dago EiTBren doako streaming plataforman. Azken hamarkadetan esanguratsuenak izan diren filmak sartu dituzte.
2025eko otsailaren 8an banatuko ditu Espainiako Zinema Akademiak 39. Goya Sariak, eta dagoeneko ezagun dira kategoria bakoitzerako proiektu eta profesional hautagaiak. Astebete luze besterik ez da geratzen ekitaldirako, baina itxaronaldia are gehiago laburtzeko PRIMERAN plataformak aurreko edizioetan aitortuak izan diren hainbat ekoizpen euskal herritar jarri ditu denon eskura: “Zinemazaleentzat, Goya sariak oso garrantzitsuak dira, eta PRIMERANen ez da salbuespena. Guk ere, historia egin duten eta Goya sariak jaso dituzten euskal film handiekin ospatuko dugu aste hau”.
Urtarrilaren 30az geroztik dago ikusgai bildumatxoa, eta atalka banatu dituzte filmak:
- Arrakasta handiko film sarituak
- Emakume zuzendariak
- Zuzendaritzan saritutako filmak
- Goya sari gehien dituzten filmak
- Efektu bereziak
- hamarkada
Hala, azken urteotan esanguratsuenak izan diren proiektuak berrikusteko aukera egongo da –Handia (Aitor Arregi eta Jon garaño, 2017), Ane (David Perez Sañudo, 2020), 20.000 erle espezie (Estibaliz Urresola, 2023), Cinco lobitos (Alauda Ruiz de Azua, 2022), Maixabel (Iciar Bollain, 2021)-, edota aspaldiagokoak –Ander eta Yul (Ana Diez, 1989), Días contados (Montxo Armendariz, 1994), Alas de mariposa (Juanma Bajo Ulloa, 1991), Vacas (Julio Medez, 1992)- eta baita ere zinemagile edota ekoiztetxe jakinei eskainitako tartetxoak -Bego Vicario, Lara Izagirre, Paul Urkijo, Moriarti Produkzioak-.
2025eko Goya Sariak
Euskara gutxi entzungo da aurtengo ekitaldian, behintzat, hala aurreikusi daiteke, jakinda, Eneko Sagardoyk zuzendu eta Sumendi Film, Galapan eta Ikusgarri Films ekoiztetxeen babesa duen Betiko gaua dela zerrendetan ageri den hala errodatutako pelikula bakarra. Fikziozko film labur onenaren kategorian sartu dute akademikoek, eta besteak beste, Ion de Sosa donostiarraren Mamántula izango du lehiakide. Ez dira ordea euskal sortzaileek zuzendutako film labur bakarrak izango, izan ere, animaziozko atalean Isabel Hergueraren La mujer ilustrada ere ageri da.
Film luzeei dagokienez, Arantxa Echeverriak ETAn infiltratuta egon zen Polizia Nazionaleko agente bati buruz ondutako La infiltrada thrillerra da faborito nagusietako bat; 13 hautagaitza ditu. Yusteren lehiakide izango da Patricia Lopez Arnaiz, Los destellos pelikulan egindako lanagatik. Baita Pedro Almodovarren The Room Next Door-en parte hartu duten Julianne Moore eta Tildo Swinton ere. Soinu banda konposatu duen Alberto Iglesiasek ez du hitzordura hutsik egingo.
Moriartitarren Marco lanak, aldiz, bost izendapen ditu: Aitor Arregi eta Jon Garaño zuzendari onenaren atalean izan dira aukeratuak. Bestetik, Kowalski Films ekoiztetxe gipuzkoarraren Soy Nevenka (Iciar Bollain) lan berrienean protagonista den Urko Olazabalek Goya saria eskuratzeko aukera izango du.
Ezagutu 39. sariketarako hautagai euskal herritarren zerrenda osoa, hemen.