Nazioarteko lehiaketako film labur onena erabakitzeko ardura hartuko dute 100 gazte inguruk; martxoaren 7ra arte eman dezakete izena interesatuek. Halaber, zabaldu dute eskola saioetarako izen-ematea.
Donostiako Udaleko Giza Eskubideen Bulegoak eta Donostia Kulturak antolatua, Victoria Eugenia Antzokia zein hiriko hainbat agertoki giza eskubideen babesleku bilakatuko dira aurten ere. 22. edizioa izango du zinemaldiak, eta apirilaren 4tik 11ra bitartean ospatuko da. Bada, ohiturari jarraituz, epaimahai profesionalaz gain, zinemazale gazteek osatutakoak ere zer ebatzia izango du.
18 eta 30 urteko 100 gazte inguruk osatuko dute 2025eko Giza Eskubideen Zinemaldiko Gazte Epaimahaia, eta dagoeneko jaialdia hasi da nazioarteko lehiaketako film labur onena erabakitzeko ardura hartuko dutenen bila. Interesa dutenek, martxoaren 7a izango dute izena emateko azken eguna, eta horretarako, ondoko estekara jo beharko dute. Behar izatekotan, izen-emateak plaza kopurua gainditzen badu, zozketa egingo dute martxoaren 19an.
Gazte Epaimahaian parte hartzeak kredituak lortzeko aukera emango du Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU), Deustuko Unibertsitatean eta Ikus-entzunezko graduko Mondragon Unibertsitatean. Horretarako, baina, hautatutako gazteek apirilaren 3an, arratsaldez, Antzoki Zaharrean egingo duten saiora bertaratu beharko dira derrigorrez, eta festibaleko egunetan, 19:30etako saioen %80ra joan beharko dira.
Film labur onenak 3.000 euroko saria jasoko du eta epaimahaiak giza eskubideen inguruko sentsibilizazioa eta zinemagintzaren kalitatea kontuan izango ditu. Lehiaketan hainbat herritatik eta nazioarteko zinemaldietatik etorritako gai sozialei buruzko film laburrek parte hartuko dute. Proiekzioez gain, beste hainbat jarduera ere izango dira; besteak beste, solasaldiak eta erakusketak. Gainera, epaimahaikide lana egingo duten gazteek Zinemaldiko programazio osoa doan ikusteko aukera izango dute.
Ikusi deialdiaren oinarriak eta izen ematea, hemen.
Eskola saioen izen-ematea
Gaurtik aurrera ikastetxeek izena eman dezakete jaialdiak hiri eta eskualdeko ikastetxeekin egiten dituzten emanaldi eta proiekzioetarako. Saioek formatu presentziala izango dute aurten eta horietan Argizagi. Zubiak adiskidetasunerantz (Marramiau Sorkuntza Taldea) eta Basatiak (Claude Barras) eskainiko dituzte euskaraz; Mariposas negras (David Baute), aldiz, jatorrizko bertsioan eta euskarazko zein gaztelaniazko azpitituluekin. Halaber, filmek azaldutako gaietan sakontzeko, gida didaktikoak banatuko ditu jaialdiak.
Eskaintza doakoa da eta ikastetxeek www.donostia.eus webgunearen bidez eman dezakete izena, martxoaren 7ra arte. Emanaldiei dagokionez, Antzoki Zaharrean egingo dituzte, apirilaren 1etik 11ra, goizeko 10:00etan.
Informazio osagarria, hemen.