Geuretik Sortuak proiektuak jada baditu aurpegi berriak. Iruñeko Kondestable Civivox aretoan antolatutako ekitaldian aurkeztu dituzte aste honetan egitasmoaren 3. edizioan parte hartuko duten udalerrietako ordezkariak, beka lortu duten sortzaileak eta proiektuko bidelagun politiko zein teknikoak. Alor orotariko 30 proiektu hautatu dira, inoiz baino gehiago; horien artean, lau zinemari dagozkionak.

Udalbiltzak 2021ean jarri zuen abian Geuretik Sortuak egitasmoa: “Geure herriaren kontakizuna geuretik kontatzeko beharrari erantzuteko, euskaratik eta euskaraz egindako sorkuntza bultzatzeko helburuz”.  Izan ere, haien erakundearen aburuz euskarazko eskaintza kulturala ez da behar bezain zabala, eta ekoizpena eta hedapena sustatuko dituen zirkuitu nazional baten aldarrikapenetik ari dira lanean. Bada, lehen bi edizioei esker, zazpi lurraldeetako hainbat herritara iritsi dira 40 euskal sortzaile baino gehiagoren lanak, lau arte-diziplinatakoak.

Bide horretan ekin diote 2025. eta 2026. urteak hartuko dituen hirugarren edizioari ere. Izan ere, sortzaileak eta udalerriak harremanetan jarri, eta elkarlan horretatik eratorritako istorioak bultzatzeaz gain, hedapena ere bermatzen du beka honek, zirkuitu nazionala horren bidez. Arestian aipatu dugun bezala, bi urteko beka da: lehenengoa, sormenerako, eta bigarrena, hedapenerako.

Bada, Iruñeko Kondestable Civivox aretoak astelehenean, hilak 27, hartutako ekitaldian borobildu dute iazko urrian beka deialdia zabaldu zenetik martxan zegoen hirugarren aro honen prestaketa. Izan ere, bertan aurkeztu dituzte deialdi horretan hautatuak izan diren sortzaile guztiak, baita edizio honetan parte hartzera animatu diren euskal udalerri guztiak ere. Bai sortzaileak, baita haiek hartuko dituzten herriak edota herri multzoak ere –kasu batzuetan herriek taldeka parte hartuko baitute– 30 izango dira edizio honetan; inoizko kopururik handiena.

Epaimahai batek hautatu ditu udalerri horietara hobekien egokituko diren sortzaileak, lanaren kalitatea, moldagarritasuna eta beste hainbat irizpide kontuan hartuta. Hirugarren edizio honetan, lau izango dira sortzaileak multzokatuko dituzten diziplinak: ZINEMAGINTZA, KOMIKIGINTZA, LITERATURA eta ANTZERKIGINTZA.

Gurera ekarrita, ondorengo egileek gorpuztuko dute zinemagintzaren arloa: Alba Lozano (Zumaia), Raul Barreras (Baztan), Aitor Arruti (Elorrio) eta Olatz Ovejero (Larrabetzu).

Ezagutu gainerako partaide eta herriak, HEMEN.