Parte hartze euskal herritarra duen Sorcières: chronique d’un massacre dokumentalak mundu mailako estreinaldia izango du urtarrilaren 30ean, Miarritzeko Udal Kasinoan. Marie Thiry zinemagileak zuzendutako lana lehiaz kanpo erakutsiko dute.

Sorcières: chronique d'un massacre

Lapurdiko sorgin ehizari buruzko Sorcières: chronique d’un massacre dokumentala Miarritzeko FIPADOC Dokumentalen Nazioarteko Jaialdian aurkeztuko dute, urtarrilaren 30ean. ARTE katearentzat hainbat lan ondutako Marie Thiry zinemagileak zuzendu du, eta besteak beste Akelarre (Pablo Agüero, 2020) filmeko argitaratu gabeko pasarteak jasoko ditu. Hain zuzen ere, berau ekoiztu zuen Lamia Producciones ekoiztetxe euskal herritarraren eta Bellota Films frantziarraren arteko koprodukzioa da; obra proiektu multimedia baten parte da, sei ataleko podcast batek eta webserie batek osatuko dutena.

Urtarrilaren 24an abiatu zuten zinemaldi lapurtarraren 7. edizioa, eta otsailaren 1era bitartean ospatuko da. 150 dokumental izango dira ikusgai, eta 16 sari eskuratzeko lehian arituko dira. Les sourceries du Pays Basque, baina, lehiatik kanpo erakutsiko dute, saio bereziei eskainitako tartean. Udal Kasinoan egingo dute mundu mailako estreinaldia, 09:30ean hasita, eta hurrengo egunean, Bellevue Auditorioan emango dute, 16:15ean.

Pierre Lancre epaile inkisidorearen liburua du filmak oinarrian. XVII. mendean Euskal Herrira bidali zuen 1609an Henrike III.a Nafarroakoak (Henrike IV.a Frantziakoak), Europa osoan sorginkeria egotzita jazartzen ari ziren emakumeen auziak gidatzeko; 80 pertsona sutara kondenatu zituzten. Sutan eraildako emakumeek jasandako prozesuari buruzko hausnarketak jasoko ditu dokumentalak: deialdi publikoak, salaketak, sorginen atxiloketak, preso-bizitza, galdeketak etab.

Gaur egungo Euskal Herriko irudiak -tradizioari lotutakoak (dantzak, inauteriak…)-  eta Antoine Carrion komikigileak sabbath-ari buruz sortutakoak sartu dituzte ere. Alemanian, Austrian eta Frantzian ere errodatu dute. Hemengo (François Bordes, Beñat Zintzo-Garmendia) zein nazioarteko (Jan Machielsen, Martine Ostorero, Rita Voltmer) ikerlarien lana ezagutu ahalko da Sorcières: chronique d’un massacre dokumentalean.

Euroeskualdearen eta Innova Programaren, EiTBren eta ARTE FRANCEren parte hartzea du proiektuak; La Région Île-de-France, Media Europe Créative, Nafarroako Gobernua, Eusko Jaurlaritza/Basque Audiovisual eta CNCren finantziazioaren bidez osatu da. 89 minutuko iraupena du.