Paul Urkijo zinemagile arabarrak ekin die hirugarren film luzea izango duen GAUA proiektu berriaren errodatze-lanei. Yune Nogeiras, Ane Gabarain, Elena Irureta eta Iñake Irastorza izango dira protagonistak.

Zinegilearen aurreko lanetan bezala, GAUA fantasiazko eta errealitate historikoaren artean dabilen filma da, oraingoan baina, euskal mitologiaren gaueko munduan murgilduko da  XVII. mendean girotutako istorio baten bidez. Filmak gaueko izakien mundu mitologikoa eta landa-eremuko sineskeriaren iruditeria uztartzen ditu misterioz, emozioz eta epikaz betetako unibertso bat sortuz.

Sorgin ehiza betean, Kattalin, senarrarengandik ihesi, bere baserritik aterako da gauaren erdian. Baso beltzean galduko da eta bere atzetik segika duen presentzia bat sentituko du. Ihesean dabilela hiru emakume maitagarrirekin topo egingo du. Hauek, arropa garbitu bitartean, beldurrezko ipuinak eta herriko esamesak partekatzen dituzte. Kattalinen harridurarako, bera izango da istorio horien protagonista.

Paul Urkijo Alijo zuzendariak berak honela kokatu du proiektuaren jatorria: “txikitatik liluratu naute gure herriko mitologian dauden gauarekin lotutako istorioek. Gazteak iluntasunaren arriskuei errespetua izateko erabiltzen ziren ipuin horien bidez, XVII. mendeko jazarpenen ondorioz sortutako espiritu, deabru eta sorginei buruzko elezahar horiek, gaur egun emakumeen ahalduntzea irudikatzen duten figura bihurtu dira. Betidanik interesatu zaidan gaia da eta GAUA filmarekin pantaila handira modu ikusgarri, beldurgarri eta epikoan eraman nahi ditut. Eszena beldurgarriagoak, baina, aldi berean, gure herrian ahoz-aho transmititu diren gaueko kondairen edertasuna izango dutenak”.

Zinemagilea eta Irusoin ekoiztetxearen arteko lehen elkarlana izango da filma, eta Yune Nogueiras (La infiltrada, Akelarre) izango du protagonista. Ane Gabarain (20.000 especies de abejas; Patria)Elena Irureta (Patria, Flores de otro mundo) eta Iñake Irastorza (Ventajas de viajar en tren, Todos estamos invitados) izango ditu alboan, eta, haiekin batera izango dira Xabi Jabato (Sin cobertura, Valle salvaje), Erika Olaizola (Azken erromantikoak; Los tontos y los estúpidos)Manex Fuchs (20.000 especies de abejas) eta Elena Uriz (Akelarre; Irati) aktoreak.

Aipaturiko Irusoinekin batera, Ikusgarri Films (Irati), Vilaüt Films (Alcarràs) eta Gaua AIE arituko dira ekoizpen lanetanEra berean, EITB, Prime Video, RTVE, ICAA, Eusko Jaurlaritza, Gasteizko Udala eta Arabako Foru Aldundiaren babesa jaso du filmak, eta  Filmax arduratuko da zinema aretoetan banatzeaz eta nazioarteko salmentez. Zinema-aretoetan estreinatu ondoren, pelikula Prime Videon ere ikusi ahal izango da.

Filma euskara hutsean errodatuko da, eta Euskal Herriko hainbat tokitan arituko dira zazpi astez.