Fede Gianni, Alexandra Latishev, Kathy Mitrani, Joana Moya, Jaime Puertas Castillo eta Daniel Soares artistek garatuko dituzte beren zinema proiektuak Ikusmira Berriak programaren hamaikagarren edizioan. Iragarpenarekin batera, gainera, abiatu dute zinema-egonaldiaren hamar urteak ospatzeko atondu duten atzera begirakoa.
Donostia Zinemaldiak, Tabakalerak eta Elías Querejeta Zine Eskolak sustaturiko ikus-entzunezko proiektuen egoitza- eta garapen-programak 487 proiektu jaso ditu 11. edizioko deialdian. Hala, izen-emateen marka gainditu du, parte-hartzea % 34an hazi delarik. Gainera, berezitasun gisara, aukeratutako sei proiektuen artean, lau opera primak dira.
Ondorengoak dira Ikusmira Berriak programaren hamaikagarren edizioan hautatutako tituluak.
- EQZE KATEGORIA: Sirenas / Mermaids, Alexandra Latishev Salazar (Costa Rica)
- NEST KATEGORIA: La danza de las sombras / The Dance of the Shadows, Kathy Mitrani (Kolonbia)
- EUSKAL KATEGORIA: La Koreana, un poema ferromagnético de luz y memoria / La Koreana, Joana Moya Blanco (Euskal Herria)
- ESPAINIAR KATEGORIA: Retorno al Valle / Return to the Valley, Jaime Puertas Castillo (Espainia)
- NAZIOARTEKO KATEGORIA: 900 toneladas / 900 Tons, Daniel Soares (Portugal)
- NAZIOARTEKO KATEGORIA: Il Cascatore / Cowboy Billi, Fede Gianni (Italia)
Egonaldiak zortzi aste iraungo ditu, bi alditan banatuta. Sei zinemagileen taldea martxoaren 24an iritsiko da Tabakalerara, eta bertako Zinea eta Ikus-entzunezko Laborategian maiatzaren 4ra arte landu ahal izango dute beren proiektua. Denbora horretan, proiektu bakoitzerako propio aukeratutako profesionalen aholkularitza izango dute, beren beharretara egokituta.
Ekainean, egoiliar bakoitzak garapenerako laguntza bat jasoko du, bi egonaldien artean bere proiektuan lanean jarraitu ahal izateko. Irailean, Zinemaldiarekin batera, Donostiara itzuliko dira, egonaldiko azken bi asteak igarotzera. Fase horretan, norberaren proiektua industriako profesionalei aurkeztu ahal izango diete, eta hitzorduen agenda pertsonalizatua izango dute proiektuetan parte hartzeko interesa duten pertsonekin.
Informazio osagarria, jarraian.
Ikusmira Berriak 10 urte’ atzera begirakoaren hasiera
Egonaldiak hasi zirenetik hamarkada bat igaro direla eta, 2025ean Donostia Zinemaldiak eta Tabakalerak Zinemaldia + Plus egitasmoaren baitako Ikusmira Berriak 10 urte zikloa antolatu dute. Atzera begirako honek bi erakundeek Elías Querejeta Zine Eskolarekin batera antolatutako hamar urteko zinema egonaldiak aztertzea eta ospatzea proposatzen du, programaren esparruan garatutako 21 filmen bidez.
Bada, dagoeneko amaitu eta nazioarteko hainbat jaialditan estreinaturiko lanak dira honakoak, hala nola Donostian, Cannesen, Venezian, Berlinalen, Sundancen, Locarnon, Viennalen, Márgenesen, Torinon edo Mar de Platan.
Sarrerak Tabakalerako leihatilan edo webgunean eros daitezke, 4 euroren truke.
Ikusi emanaldien zerrenda xehe, HEMEN.