Barakaldarrak zuzendu eta idatzitako Querer obra drama generoko telesail onena izendatu du Espainiako Zinema Berriemaileen Elkarteak. Azpeitiarrak, aldiz, emakumezko aktore protagonista onenaren saria jaso du.

Querer-Feroz sariak-zinea

Larunbatean ospatu da 2025eko Feroz Sarien gala, eta parte hartze euskal herritara duten proiektuak saridun izan dira, batez ere telesailen arloan. Alauda Ruiz de Azuak zuzendutako Querer lana drama kategorian nagusitu da, eta barakaldarraren gidoia ere goratu du Espainiako Zinema Berriemaileen Elkarteak. Gainera, Nagore Aranburu emakumezko aktore protagonista onena izendatu dute. Emozio handiz jaso du interprete azpeitiarrak Feroz saria, eta agertokian lan-taldea izan du gogoan, fokua fikziozko familiarengan ere jarriz: “Miren –Querrer telesaileko pertsonaia- ez litzateke existituko Iñigo, Jon eta Aitor gabe”.

Gurasoek seme-alabei utzitako ondareaz jardun du hitzartzean, eta errekonozimendua bere aita zenari eskaini dio: “Querer telesailean asko hitz egiten da gurasoek seme-alabei uzten dieten herentziaz. Nire aita aktore amateurra zen, 12 urte nituenetik herrian geneukan antzerki taldeko entseguetara eramaten ninduena. Hor ikasi nuen lanbide hau maitatzen, eta gaur aitari eskaini nahi diot, badakidalako unibertsoan gaur ez dela egongo energia zoriontsuagorik. Atte, hau zuretzat da”.

Bestetik, Diego San José irundarrak sortutako Celeste izan da komedia generoko telesail onena. Gizonezko aktore onenaren saria Oriol Plari (Yo, adicto) eman diote, eta bertan aritu den Nora Navarek eraman du taldeko emakumezko aktore onenarena.

Pontevedran (Galizia) banatu dituzte aurtengo aitortzak, eta ohi bezala, urteko telesail eta film onenak saritu dituzte. Zinema arloari dagokionez, Casa en flames (Dani de la Orden) ekoizpen kataluniarra izan da faborito, eta ez du hutsik egin. Komedia film onenaren, gidoi onenaren emakumezko aktore onenaren (Emma Vilarasau) eta taldeko gizonezko aktore onenaren (Óscar de la Fuente) garaikurrak lortu ditu. Aldiz, Katixa Agirreren Amek ez dute eleberrian oinarritutako Salve, Maria (Mar Coll) izendatu dute drama generoko pelikula onena; kartel onenaren saria ere irabazi du.

Urko Olazabalen kaltetan (Soy Nevenka), moriartiarren Marco filmean egindako lanagatik Eduard Fernandez nabarmendu dute, eta zuzendari onena Pedro Almodovar (La habitación de al lado) ebatzi dute. Haren lanetako soinu banden ohiko konposatzailea den Alberto Iglesias musikari donostiarra goratu du ere Espainiako Zinema Berriemaileen Elkarteak. Oskar Alegriak zuzendutako Zinzindurrunkarratz ez fikziozko Feroz Arrebato kategorian izan da finalista, baina ez du golardoa lortu.

Ezagutu 2025eko Feroz Sarien irabazleen zerrenda osatua, hemen.