San Sebastian egunean jaso dute ekoiztetxe donostiarreko kideek aitortza. Omenaldia aprobetxatuz, Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga zinemagileen hainbat lan PRIMERAN plataforman jarri dituzte ikusgai.
Moriarti Produkzioak ekoiztetxeko lagunek -Aitor Arregi, Jon Garaño, Jose Mari Goenaga, Asier Acha eta Xabier Berzosa- atzo, San Sebastian egunean, jaso dute Donostiako Udalak emandako Urrezko Danborra. Udaletxeko Pleno Aretoan egin duten ekitaldian kideek hiriarekin duten lotura azaldu du Eneko Goia alkateak, beraien ibilbide zinematografikoa errepasatuz.
Balenciaga telesailaren eszena bat birsortuz hasi du hitzaldia, gogora ekarriz, eta moriartitarren lan-moldeari erreferentzia egiteko aprobetxatu du: “Meritua begiradan datza, nola kontatu eta transmititu. Eta zuek tekla hori aurkitu duzue, zuen pelikulak iristen, konektatzen eta hunkitzen dituena. Begirada zintzoa, zehatza, sentikorra, estetikoa, baina baita oso etikoa ere. Eta, gainera, oso modu gipuzkoarrean egin duzue. Lan isila egiten, baina lan handia egiten. Zaratarik eta handitasunik gabe. Gainera, eta hori zuen ezaugarria da, taldean lan egiten duzue”.
Aurrerantzean “hiriaren enbaxadore” izango direla nabarmendu eta desira batekin bukatu du Goiak bere hitzartzea: “Espero dut Jose Luis Rebordinos ez haserretzea, baina zuen ibilbidea eta kalitatea ikusita, espero dut egunen batean zuen filmen batek merezi izatea zuen ogibidearekin lotuago dagoen beste sari hori, Urrezko Maskorra, alegia”.
Moriartitarrak, beren aldetik, “oso eskertuta” agertu dira ekitaldian, eta euren ibilbidea gogoratu zein Euskal Herriko zinemagintzari keinu egiteko aprobetxatu dute mikrofono aurreko tartea. Gil Munarriz, alkatea, udal bozeramaileen batzordea, zinegotziak, hautagaitza aurkeztu zutenak eta “Donostiako herria” izan dituzte eskertzen hartzaile.
Filmen bilduma, PRIMERANen
Moriarti Produkzioak ekoiztetxeko kideek 2025eko Urrezko Danborra jaso dutela aprobetxatuz, PRIMERAN plataformak Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga zinemagileen lanekin osatutako bilduma berezia gehitu du bere katalogora.
Bada, ikusgai izango dira 80 egunean (2010), Loreak (2014) eta Handia (2017) fikziozko film luzeak, Lucio (2007) dokumentala eta Asämara (2008), Urrezko eraztuna (2011), Zarautzen erosi nuen (2014), Berriztagarria (2016) eta Mateoren ama (2019) film laburrak.