Jaialdiaren sail orokorretan eta Culinary Zinema atalean parte hartu nahi duten filmen arduradunek ekainaren 17ra arte izango dute proposamenak bidaltzeko aukera.
Donostia Zinemaldia hasi da 2025ko edizioa prestatzen, hirurogeita hamahirugarrena, hain zuzen. Irailaren 19tik 27ra bitartean izango da, eta bertan lehiatuko edo erakutsiko dituzten filmak proposatzeko deialdia zabaldu dute dagoeneko. Oraingoz, WIP Latam, WIP Europa, Nest, Eusko Label eta Loterías Film Laburrak ez diren gainerako sailetan parte hartu nahi duten filmek –Sail orokorretan eta Culinary Zinema atalean parte hartu nahi dutenek- online izen-ematearen bidez gauzatzeko aukera dute.
Jaialdiaren webgunean bildu dituzte parte-hartze oinarriak, sail ezberdinen arautegiak eta inskripzio formularioa. Hala, 2025ko ekainaren 17ra arte aurkeztu ahal izango dira proiektuak, orduan amaituko baita lehen hautaketarako film luzeen onarpena.
2018an sinatutako parekidetasunaren eta inklusioaren aldeko gutunaren eraginez, filmean parte hartzen duten zenbait kargudunen generoa zehaztu beharko da filmak inskribatzerakoan. Helburua, film hautagai zein hautatuen inguruko datuak biltzea da, emakumezko partaideak dituzten proiektuen presentziaren gaineko datu fidagarri eta egiazkoak izateko.
Ikusi parte hartzeko arauen inguruko informazio guztia, sail ezberdinetako arautegiak eta izen-emateko online inprimakia, hemen.