2025eko edizioko egoitza nagusia Aretxabaletako Arkupe aretoa izango da, bertan egingo dituzte zinema emanaldiak, hiru egunez. Solasaldiek, klase magistralek edota kontzertuek osatuko dute programa.
Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazioa graduko ikasle talde batek urtero antolatzen duen Huhezinema – Euskal Film Laburren Jaialdiak 18. edizioa beteko du urtarrilaren 22tik 24ra bitartean, eta hain zuzen ere, arduradunek, egun horietan zehar egingo diren jarduerak zehaztu dituzte.
Aretxabaletako Arkupe aretoa izango dute egoitza nagusia, eta hiru egunetan, bertan proiektatuko dituzte ikusgai izango diren 29 lanak. Hiru sailetan banatuta -Sail Ofiziala, Ikasle Saila eta Bideoklip Saila- egongo dira, eta solasaldiek, klase magistralek edota kontzertuek osatuko dute programa.
Deialdira aurkeztutako lanen artean (94), lan-taldeak “arte sormen maila altua” egon dela goraipatu du, baina ezinbesteko aukeraketa egin, eta 29 obra izango dira ikusgai, aurreko edizioetan baino gutxiago: “Ikusleen onerako hartu dugun neurria izan da film kopurua murriztearena, proiekzioa luzeegia izan ez dadin”. Bada, horiek ikusi eta baloratzeaz Aitor Oñederra animaziogile eta ilustratzailea, Maitane Carballo soinu espezialista eta muntatzailea, eta Katti Pochelu ekoizlea arduratuko dira. Aurkezleak, berriz, ondokoak izango dira. Ana Goitia (Sail Ofiziala), Jon Castañeda (Bideoklip Saila) eta Xuban Garmendia eta Oier Gastesi (Ikasle Saila).
Jarraian duzue egitaraua:
URTARRILAK 22, ASTEAZKENA:
- 11:00-12:30 | Andrak Erramutan dokumentalaren proiekzioa eta solasaldia bertako parte hartzaileekim
- 17:00 | Bideoklip Sailaren proiekzio
- 19:45 | Kontzertua “Lemak” taldearen eskutik
URTARRILAK 23, OSTEGUNA
- 11:00-13:00 | Klase magistrala Aitzol Saratxagarekin (“zuzendaritza artean sakontzen”)
- 16:00 | Ikasle Sailaren proiekzioa I
- 17:30 Ikasle Sailaren proiekzioa II
- 19:00 | Solasaldia Jone Arriola, Alba Lozano eta Uxue Botasekin (“lehen urratsak zineman”)
URTARRILAK 24, OSTIRALA
- 16:00 | Sail Ofizialaren proiekzioa I
- 17:30 | Sail Ofizialaren proiekzioa II
- 19:30 | Sari-banaketa ekitaldia
- 20:30 | Luntxa