Bi zinemagile nafarrek zuzendutako filma otsailaren 24tik martxoaren 1era bitartean ospatuko den jaialdiko sail ofizialean lehiatuko da. Guztira, 13 herrialdetako 17 lan izango dira sariak irabazteko hautagai.

Cartel_PuntodeVista2025_2

Nafarroako Gobernuaren Kultura Departamentuak bultzatutako eta NICDO sozietate publikoak antolatutako Punto de Vista – Nafarroako Zinema Dokumentalaren jaialdiko arduradunek 19. edizioko sail ofizialaren berri eman dute gaur. Guztira, 900 obra inguru aurkeztu dira deialdira, eta horien artean,  hautaketa batzordeak “aniztasun zinematografiko global aberatsaren adierazgarri” diren 13 herrialdetako 17 film aukeratu ditu.

10 film luze eta 7 film laburrek osatuko dute otsailaren 24tik martxoaren 1era bitartean ospatuko den zinemaldiko sail lehiakorra, eta ekoizpen euskal herritar bat ere izango da bertan. Nafarroan estreinaldia izango du Maddi barberrek eta Marina Lameirok zuzendutako Cambium film ertainak; nazioarteko jaialdi garrantzitsuenetan parte hartzetik dator, hala nola, Visions du Réel, (Nyon, Suitza) edota Rencontres Internationales Paris/Berlin ekitaldietatik.

Mundu mailako lau estreinaldi izango ditu 2025eko Punto de Vistak. Batetik, zinema garaikidean erreferente diren José Luis Sepúlveda eta Carolina Adriazola txiletarren Cuadro negro film luzea egongo da ikusgai. Bestetik,  Ramón Balcellseta Emilio Hupe espainiar gazteek A eta El viento que golpea mi ventana aurkeztuko dute, hurrenez hurren. Azkenik, Wonwoo Kim hegokorearrak Writing Poems at the End of the World film laburra dakar Iruñera.

Nazioarteko beste lau estreinaldik eta Espainiako Estatuko beste zazpik osatuko dute sail ofiziala. Film guztiak ikusi eta baloratzeaz nazioarteko epaimahaia arduratuko da, eta Gazte Epaimahaiak banatuko dituen sariekin batera, ondoko aitortzak jaso ditzakete denek ere: Film onenaren Punto de Vista sari nagusia –10.000 euro–, Zuzendari onenaren Jean Vigo saria –5.000 euro–, Film labur onenaren saria –3.000 euro, EITBren babesarekin–, Publikoak hautatutako Film onenaren sari berezia –1.650 euro– eta Gazteek hautatutako Film onenaren saria, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren laguntzarekin –1.500 euro–.

Irekiera eta itxiera filmak

Aurtengo edizioari hasiera eta amaiera emateko film bereziak aukeratu dituzte. Izan ere, denboran atzera begira, obra historiko bana pantailaratuko dute, azaldu dutenez, bere garaian oso estimatuak izan ez zirenak, baina orain, “jaialdiak beste ikuspegi batetik begiratuta berreskuratu nahi izan ditu”.

Miñuca Villaverde zinemagile kubatar aitzindariaren Tent City (1980) dokumental bakarrarekin abiatuko dute 2025eko Punto de Vista, otsailaren 24an, eta emanaldiaren ostean zinemagilearekin, haren senar eta kolaboratzaile Fernando Villaverde idazle eta zinemagilearekin eta José Luis Aparicio programatzailearekin solasaldia egingo da. Punto de Vistak Cinéma du Réel (Paris) jaialdiarekin eta Kataluniako Filmategiarekin, eta azken kolaborazioaren baitan berreskuratu dute filma.

Bestalde, Frans van de Staak zinemagile nederlandarrari eskainitako atzera begirakoaren parte den Sepio (1996) filma proiektatuz agurtuko dute zinemaldia. Herbehereetako Enbaxadaren eta Eye Filmmuseum erakundearen laguntzarekin antolatu dute zikloa.

Ezagutu sail ofizialeko film guztiak, jarraian.