EZAEk adierazi duenez, 2024an 3.421.000 herritar gerturatu dira hiru euskal lurraldeetako zinema aretoetara. Euskarazko lanik ez da ageri 10 film ikusienen zerrendan; animaziozko lanak nabarmendu dira batez ere.

Irailean dagoeneko kezkati azaldu zen Euskadiko zinema areto pribatuak biltzen dituen EZAE elkartea, ikus-entzule kopuruaren galeraz ohartaraziz. Orain, urte osoko datuak argituta, baieztatu egin da beherakada. Pandemia aurretik izandako zenbatekoak berreskuratu bidean izan da azken urte hauetan, eta 2023an jo zuen goia, baina susperraldi progresioa eten egin zela ohartarazi zuten azken balantzean, eta berretsi egin dira emaitzak.

Urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean, 3.421.000 ikus-entzule gerturatu dira bateko zein besteko filmak ikustera, eta jaitsiera esanguratsua suposatzen du 2023ko zenbakiekin konparatuta (% 6 gutxiago). Bada, diru-bilketari dagokionez ere, beheranzko joera izan du, lausoagoa izan bada ere. Aurten, 23.366.000 euro bildu dira euskal aretoetan, 2023an epe horretan lortutakoa baino pixka bat gutxiago (% 1eko jaitsiera).

EZAEk adierazi du AEBtako gidoilari eta aktoreen grebak eragina izan duela beherakadan, “aurreikusitako nazioarteko estreinaldi gehienak 2025era atzeratzea eragin baitu”. Hala ere, 2024an arrakastatsuenak izan diren film gehienak nazioarteko ekoizpenak izan dira, batez ere animaziozkoak –Inside Out 2 (Kelsey Mann), Despicable Me 4 (Patric Delage eta Chris Renaud), Moana 2 (David G. Derrick Jr., Jason Hand, Dana Ledoux Miller), Kung Fu Panda 4 (Mike Mitchell, Stephanie Stine), The Wild Robot (Crhis Sanders)-.

KRITIKA | LA INFILTRADA: Itxurosoa bezain engainagarria

Euskarazko lanik ez da ageri 10 film ikusienen zerrendan, bai ordea Euskal Herriarekin lotura zuzena duen ekoizpen bat: La infiltrada. Arantxa Echevarria zinemagile bilbotarraren lana seigarren postuan ageri da (114.562 ikusle eta 741.705 euro), ekoizpen espainiarra duen lehen filma izanik. ETAn infiltratuta egon zen Polizia Nazionaleko agente bati buruzko thrilerrak 13 hautagaitza ditu 2025eko otsailaren 8an egingo duten Goya Sarien 39. ekitaldirako.

Jarraian duzue Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan arrakastatsuenak izan diren 10 filmen zerrena osatua:

  • Inside Out 2 (Kelsey Mann) | 261.933 ikusle eta 1.863.597 euro
  • Deadpool & Wolverine (Shawn Levy) | 114.339 ikusle eta 895.097 euro
  • Gladiator II (Ridley Scott) | 118.388 ikusle eta 886.439 euro
  • Despicable Me 4 (Patric Delage eta Chris Renaud) | 121.205 ikusle eta 839.682 euro
  • Moana 2 (David G. Derrick Jr., Jason Hand, Dana Ledoux Miller) | 110.233 ikusle eta 810.911 euro
  • La infiltrada (Arantxa Echevarria) | 114.562 ikusle eta 741.705 euro
  • Dune: Part Two (Denis Villeneuve) | 76.874 ikusle eta 585.303 euro
  • Kung Fu Panda 4 (Mike Mitchell, Stephanie Stine) | 66.457 ikusle eta 478.195 euro
  • The Wild Robot (Crhis Sanders) | 69.650 ikusle eta 473.244 euro
  • Padre no hay más que uno 4: Campanas de boda (Santiago Segura) | 67.623 ikusle eta 465.306 euro