Urtarrilaren 10ean ekingo diote egitarauari, Zinema eta Zientzia zikloaren zortzigarren edizioa inauguratuko duen The Theory of Everything James Marsh, 2014) lanarekin. Feminismoa 2025eko ardatz nagusia izango da, ‘Klasikoak, modernoak eta bitxiak. Zinemaren istorio feministak’ izenpeko Nosferatu zikloarekin. Zine-bonua abenduaren 20an jarriko dute salgai.
Donostia Kultura, Donostia Zinemaldia, Euskadiko Filmategia, Elías Querejeta Zine Eskola eta Tabakalera elkartzen dituen pantaila partekatua ekimenean 2025ean ikusgai izango diren zinema ziklo, film eta jardueren aurkezpena egin dute gaur, Tabakaleran bertan. Kultura zentroak hamar urte beteko ditu datorren urtean, eta egitaraua efemeride horren luzapena izango dela adierazi dute.
Bada, bertako egonaldi eta deialdiei esker beren ibilbide zinematografikoa hasi eta egonkortu duten sortzaile belaunaldiaren filmak proiektatuko dituzte datozen hilabeteetan. Hala nola, Ikusmira Berriak programaren atzera begirakoa prestatuko dute, bertan landu eta nazioarteko zinema jaialdietan erakutsi dituzten 21 film proiektatuz. Gainera, liburu bat argitaratuko dute udaberrian, ekimenari buruzkoak jasoko dituena: “Funtsean, egonaldiaren 10 urteak kontatu eta bere historiaren parte diren 53 zinemagileak bilduko dituen memoria bat da”.
Bestetik, Tabakalera Belaunaldia Jaialdia ospatuko dute, eta bertan, EQZEn garatutako proiektuak eta nazioarteko hainbat jaialditan estreinatutako filmak emango dituzte, besteak beste, Noka programa bidez sustatutakoak.
Nosferatu zikloa
2025eko zinema eskaintzako ardatz nagusietako bat feminismoa izango da. Euskal emakume zinemagileen zikloaren bosgarren edizioa hartzeaz gain, Tabakalerak Patricia Mazuyri, Chantal Akermani eskainitako saioak izango ditu; azken hau zinema eta literatura egitasmoaren baitan. Baina urte osoa egituratuko duen haria Nosferatu zikloa izango da, Klasikoak, modernoak eta bitxiak. Zinemaren istorio feministak izenpekoa.
Arduradunek adierazi dutenez, “ziklo hau ikuspegi femenino eta feministatik hurbiltzen da zinemaren historiara, eta bere 130 urteak errepasatuko ditu garai eta jatorri guztietako emakume sortzaileek zuzendutako filmen bitartez”. Donostia Kulturak eta Euskadiko Filmategiak antolatu dute, Tabakaleraren eta Institut Valencià de Cultura – La Filmotecaren lankidetzarekin.
Alice Guy aitzindari frantsesaren hiru film labur eta Mabel Normanden bat pantailaratuz ekingo diote, urtarrilaren 15ean, eta hurrengo hilabeteetan Lois Weber, Frances Marion, Musidora, Dorothy Arzner, Ana Mariscal eta Ida Lupino (klasikoak) aitzindarien lanak egongo dira ikusgai. Ostean, Agnès Varda, Chantal Akerman, Lorenza Mazzetti, Lina Wertmüller, Larisa Shepitko eta Barbara Lodenen (modernoak) filmak izango dira protagonistak. Azkenik, Susan Seidelman, Naomi Kawase, Kathryn Bigelow, Jane Campion, Isabel Coixet eta Mati Diop bezalako zinemagile bitxiekin agurtuko dute Nosferatu zikloa.
Ohi bezala, bi liburu argitaratuko dira. Gaztelaniazkoak Clásicas, modernas y extrañas. Historias feministas del cine izena du, eta Elisa McCauslandek eta Diego Slagadok koordinatuko dute. Bigarrena, euskarazkoa, Iratxe Fresnedak koordinatuko du.
Bestelako eskaintza
Urtarrilaren 10ean abiatuko du Tabakalerak 2025eko zinema programazioa, Zinema eta Zientzia zikloaren zortzigarren edizioarekin. The Theory of Everything James Marsh, 2014) lana aurkeztuko du Pedro Miguel Etxenike fisikari eta DIPCeko presidenteak. Apirila eta ekaina bitartean 80ko eta 90eko hamarkadako euskal emakume zinemagileak izango dira protagonistak, eta uztailean jazz musika. Abendura bitartean zinemaren historiako klasikoak proiektatuko dituzte.
Ipar Amerikako landa-gizartea islatzen duen lan intimista eta politikoengatik ezaguna den Roberto Minerviniren lanak hurbilduko dituzte Tabakalerara, eta bera propio maiatza bukaeran etorriko da hirira. AEBetan bizi den zuzendari, produktore eta argazkilari italiarra fikzioaren eta dokumentalaren arteko erdibide horretan kokatzen da. Marjinatutako pertsonen bere erretratuek zinegile eztabaidatsua bilakatu dute, baina behar-beharrezkoa ere bai egungo zinearen panoraman.
Urtez urte gauzatzen dituzten Kontatutako Zinea, Kamaleoiak Gara! programa familiarra eta Zine garaikidea zein Zinea eta Musika zikloak ere aurreikusi dituzte. Baita EHUko ikasleak biltzen dituen Gazteak zinean ekimena ere. Azken hau urtarrilaren 30ean hasiko da, Mathieu Kassovitzen La Haine lanarekin.
Zine-bonua
2025eko urtarrilaren 1etik abenduaren 30era arteko zinema eskaintzaz gozatzeko zinema bonuak 120 euro balioko du, eta pantaila partekatuko eragileek antolatutako 40 saiotara sartzeko aukera emango du. Abenduaren 20an jarriko dute salgai, urtarrilaren 31ra arte. Bonua erosteak Nosferatu Bildumaren bi argitalpenetako bat eskuratzeko aukera emango du: AEBetako western post-klasikoa eta garaikidea edo aurrez aipatutako Clásicas, modernas y extrañas. Historias feministas del cine.