Haur eta Gazteentzako Nazioarteko Zinemaldiaren 2024ko edizioa abenduaren 13tik 29ra ospatuko da Bilbon. Hilaren 19an euskarara ekarritako hainbat lan emango dituzte Begira Elkartearen egoitzan.
Artearen, ikus-entzunezko eta pedagogia kolaboratiboaren alorretako profesional independenteak batzen dituen Begira Elkarteak antolatuta, bederatzigarrenez ospatuko dute Zinetxiki – Haur eta Gazteentzako Nazioarteko Zinemaldia, Bilbon. Gaur hasi eta abenduaren 29ra bitartean ospatuko dute.
Zinema europarrari eskainitako film laburren saio berezi batekin abiatuko dute 2024ko zinemaldia; 17:30ean, Begira Elkartearen egoitzan pantailaratuko dituzte. Hala ere, irekiera-ekitaldia bihar izango da, goizean, 12:30ean, eta arratsaldean, 17:00etan, Institut Françaisekin batera atondutako saioan 3 urtetik aurrerako haurrentzako film labur sorta emango dute erakundearen egoitzan.
Sail ofizialari, aldiz, igandean ekingo diote. Bilboko La Terminal FICCen pantailaratuko dituzten lehen film laburrak, eta hilaren 27an eta 28an berrartuko dute, Multibox eta Golem Alhondiga zinemetan, hurrenez hurren.
Euskara entzuteko tartetxoa ere izango dute haurrek. Abenduaren 19an, 17:30ean euskarara ekarritako hainbat lan emango dituzte Begira Elkartearen egoitzan. Eta hilaren 21ean, Pablo Berger bilbotarrak zuzendutako animaziozko Robot Dreams film mutua egongo da ikusgai, 17:30ean, Indautxu Aretoan.
Ikusi egitaraua xehe HEMEN.