Zuzendaria: Yorgos Lanthimos

Urtea: 2023

Iraupena: 141 min.

Herrialdea: Irlanda

Generoa: Fantasia | Zientzia-fikzioa | Komedia | Drama

Yorgos Lanthimosen zinemaren ezaugarritzat har daiteke darabilen begirada ezberdina; gehienetan urrunekoa, batzuetan hutsala, bestetan maltzurra, dibertigarria, groteskoa eta baita suntsitzailea ere. Ohikoa izanagatik, lasai asko onar dezakegu zinegileak adierazpen osoko lurralde berri bat bereganatu zuela film apurtzaile honekin.

Godwin Baxter doktore eta zientzialari distiratsu eta ez oso ortodoxoak berpiztutako gaztea da Bella Baxter protagonista. Gizonaren babespean, Bella ikasteko irrikaz dago. Falta zaion mundu ikuspegiaren gose, Bellak ihes egingo du Duncan Wedderburn abokatu sofistikatu eta maltzurrarekin, kontinenteak zeharkatuko dituen abentura zorabiagarri batean. Bere garaiko aurreiritzietatik aske, Bella irmo berretsiko da berdintasuna eta askapena defendatzeko asmoan.

Transgresioen segida baten gisara aurkezturiko film honetan zuzendari greziarrak, arrain-begizko lenteek deformatutako irudiekin, zoom bortitzekin eta estudioan zein digitalki eraikitako agertoki koloretsu eta futuristekin bonbardatzen du ikuslearen begirada. Gerta liteke, akaso, egonarriz hartu behar izatea filmaren lehen minutuak, baina ez etsi; film deseroso adina bizarro, basati, probokatzaile eta gozagarria baita.

 

#Kritika | ‘POOR THINGS’: Emma Stone basatiarena