Zinemaldi espainiarreko palmaresean ageri dira Azkena (Ane Inés Landetak eta Lorea Lyons) -Kritikaren Caimán Saria-, Puzzleak (Kote Camacho) -Jatorrizko Musika Onena- eta El carné (des)madre (Xabi Vitoria) -Ikus-entzuleen Saria, Ríete tú sailean- lanak.

Aguilar Film Fest-zinea

Azaroaren 29tik abenduaren 8ra bitartean ospatu dute Aguilar de Campoon (Palentzia, Gaztela eta Leon) 36. Aguilar Film Festival zinemaldia, eta nazioartean arrakastatsu izaten ari den The man who could not remain silent (Nebojsa Slokepcevic) lana gailendu da; Cannesen film labur onenari emandako Urrezko Palma irabazi du aurten, eta EFA sariketan gailendu berri da ere.

Palmares ofizialeko sari nagusietan tokirik izan ez badu ere, euskal zinemagintza aitortua izan da zinemaldi espainiarrean. Hain zuzen ere, hiru errekonozimendu jaso ditu. Batetik, Caimán CDC aldizkari espezializatuak babestutako Kritikaren Caimán Saria eman diote Azkena obrari. Ane Inés Landetak eta Lorea Lyonsek zuzendutako lana Espainiako film labur onena izendatu dute: “Animazio-formatuen eta -tekniken konbergentzian genealogia baten lodiera ikusten da, amatasunaren nozioa gertakari emozionalen arrakala bihurtuz, eta hortik independizatzea posible da”.

Proiektua (H)emen Elkartearen Aukera programan aukeratua izan zen 2021ean, eta ZINEBI66 jaialdiko sail ofizialean estreinatu da.  Alaba-ama-amama hariaren album familiarra eraiki dute, batez ere, gainetik duten bi belaunaldiei omenaldia egin eta eskerrak emanez. Amatasunaren inguruko hausnarketa garaikide eta kontzientea dakarte argazki, errekorte, marrazki eta testuz osatutako collage antzeko honetan.

Bestetik, Kote Camacho marrazkilari eta animaziogilearen Puzzleak (Bortxaketaren jauregia) filma Jatorrizko Musika Onenaren sariarekin nabarmendu dute. Interneten bere gaztetako irudi biluzia dabilela jakingo duen emakume baten prozesua jasotzen du; sare oso bat dagoela konturatuko da. Hain zuzen ere, Donostiako moda-argazkilari ezagun bati hainbat hamarkadatan lagundu dion sare instituzional eta judizialeko biktima anonimo batekin batera idatzitako eta zuzendutako benetako istorioa du abiapuntu du proiektuak.

Azkenik, Ríete tú Sailean ikus-entzuleen film labur gogokoena bilakatu da Xabi Vitoriaren El carné (des)madre komedia. Lau urtez luzatu da lanaren errodajea, eta aurten ikusi du argia, Araban zehar egindako emanaldietan.