Emanaldiez gozatu eta bertako industria jardueretan parte hartu nahi duten profesionalek, kazetariek zein ikasleek otsailaren 13ra arte izango dute akreditazioak eskatzeko aukera.
Iruñeko Punto de Vista jaialdiak otsailaren 24tik martxoaren 1era ospatuko du 2025eko edizioa, eta dagoeneko zabaldu dute akreditazioak lortzeko epea. Hiru motatakoak daude, eta hirurak ere jaialdiaren webgunean eska daitezke, otsailaren 13a baino lehen.
Akreditazio profesionala zinemaren eta ikus-entzunezko sormenaren arloko profesionalentzat dago erreserbatuta, eta 40 €-ko kostua izango du. Bestalde, ikasleentzako akreditazioak ere eska daitezke, eta izena emateko kuota 10 €-koa da. Bi kasu hauetan, ordainketa jaialdiaren webgunearen bidez egin daiteke, otsailaren 20ra arte.
Bestetik, prentsako akreditazioa doakoa da, eta hedabideen ordezkarientzat soilik dago erreserbatuta (prentsa idatzia, digitala, prentsa agentziak, telebista eta irratia).
Jaialdiko film guztietara sartzeko aukera emango dute akreditazioek, saio bakoitzaren edukieraren arabera. Ohartarazi dutenez, akreditazioen kopurua mugatua da; beraz, jaialdiak ezarritako irizpidearen arabera banatuko dira. Eskaera bidaltzeak ez du esan nahi akreditazioa jasoko denik.