Zinemakumeak gara! mostrarekin batera antolatu dute 6-12 urte bitarteko haurrei zuzendutako egitasmoa. Abenduaren 14an egingo da, eta izen-ematea doan da.

Animakom-2024-zinea

Animakom FEST – Nazioarteko Animazio Komunitatearen Bilboko Jaialdiak 6 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendutako tailer berezia antolatu du, Zinemakumeak gara! Mostrarekin elkarlanean. Abenduaren 14an gauzatuko da, Bilboko Burtsa Eraikinean, eta 10:30ean ekingo diote.

Jostailuekin egindako stop-motion teknika baliatuko dute parte hartzaileek. Plastilina erabiliz pertsonaiak sortu eta horiek fotogramaz fotograma bizituko dituzte. Proiektua eratzeko fase guztiak landuko dituzte: sorkuntza, diseinua, panpinen eraikuntza, molde-teknikak, postprodukzioa, muntaketa eta soinua. Parte hartzaileek sortutako animaziozko filma etxera eraman ahalko dute.

Tailerrerako izen-ematea doan da, baina aldez aurretik ondoko inskripzio-fitxa bete beharko dute interesatuek. Heldu bakoitzak bi haur eraman ditzake berarekin.

Bilboko Udalaren Kultura Saila eta SGAE Fundazioaren laguntzarekin antolatuta, abenduaren 9an ekin zioten jaialdiaren 2024ko edizioari, eta nazioarteko animaziozko ekoizpen onenak ari dira pantailaratzen hilaren 15era bitartean.

Film laburren lau sail lehiakor (nazioartekoa, ikasleena, Euskal film laburrak eta bideoklip animatuak)  ditu festibalak eta atzera begirako bat antolatu dute, BAP Animation Studiosestudio portugaldarrari eskainitakoa; Animakom Saria jasoko dute bertako kide diren Laura Gonçalves eta Vasco Sá errealizadoreek.