Oskar Alegriak zuzendutako lanak ikus-entzunezko ibilbide poetikoa dakar. 2025eko sariketa-ekitaldia urtarrilaren 25ean egingo dute, Pontevedran (Galizia).
Espainiako Zinema Berriemaileen Elkarteak 2025eko Feroz sarietarako hautagaien zerrenda osatu du gaur. Azaro bukaeran jakinarazi zituzten kategoria nagusietako finalistak, eta bost proiektu euskal herritar ageri ziren bertan. Bada, fikziozko eta ez-fikziozko Arrebato sariak irabazteko aukera duten lanak argitzea falta zitzaien, eta dagoeneko ezagun ditugu.
Hain zuzen ere, ez-fikziozko sailean sartu dute Oskar Alegria nafarraren Zinzindurrunkarratz (2023) filma, eta urtarrilaren 25ean Pontevedran (Galizia) egingo duten ekitaldian lehiakide izango ditu Caja de resistencia (Concha Barquero Artés, Alejandro Alvarado Jódar), La hojarasca (Macu Machín), Saturno (Daniel Tornero) eta The Human Hibernation (Anna Cornudella Castro).
Ikus-entzunezko ibilbide poetikoa aurkezten du Zinzindurrunkarratz-ek, beste garai bateko oroimenez egina: Super-8 formatuan filmatua, “oinez eginiko film bat” da. Zuzendariak, Artazu bere herritik, Paolo astoarekin Andimendira egindako bide poetikoa kontatuko du, ahaztutako edota galdutako memoriaren erakusgarri.
KRITIKA | ZINZINDURRUNKARRATZ: Kamera isil baten memoria bisuala
Jada existitzen ez den mundu baten oihartzunak erregistratu ditu Alegriak filmean, soinurik gabeko irudiekin. Eguneroko bat balitz bezala egituratua dago, eta formatu zatikatuak badu zerikusirik filmaren izenburuarekin berarekin ere: haize arin bat (zinzin), leize bertikal bat (durrun-durrun) eta tximistek kolpatutako gailur bat (kurrutz-karratz). Bada, horietatik igaroko da zuzendari iruindarra Paolo astoarekin, eta horietan hautemandakoaren emaitza da Zinzindurrunkarratz.
Izendapen euskal herritarrak
Zinema arloari dagokionez, Casa en flames (Dani de la Orden) ekoizpen kataluniarra da 2025eko Feroz Sarietarako faborito. Zortzi izendapen ditu, eta seirekin dira La habitación de al lado (Pedro Almodovar), La virgen roja (Paula Ortiz) eta Los destellos (Pilar Palomero).
Parte hartze euskal herritarra duten proiektuei erreparatuta, Arantxa Echevarria (La infiltrada) bilbotarra zuzendari onenaren kategorian sartu dute. Aitor Arregik eta Jon Garañok zuzendutako Marco–ren trailerra ere goratu dezake Espainiako Zinema Berriemaileen Elkarteak, kasu honetan, Omar Bermudez eta Carlos Berotek eraikitakoa. Azkenik, hautagaitza bakarra lortu du Iciar Bollain madrildarrak zuzendu eta Kowalski Films ekoiztetxe donostiarraren Soy Nevenka lanak: Urko Olazabal aktore bilbotarra goratu dezakete.
Urteko telesail onenak ere saritzen dituzte Feroz sarietan, eta arlo honetan arrakastatsua izan da ekoizpen euskal herritarra. Alauda Ruiz de Azua barakaldarraren Querer ageri da denen buru, zazpi izendapen ditu. Moriartitarren Balenziaga telesailarekin lehiatuko da, kategoriako lan onena izan nahian. Gainera, jostun getariarra interpretatu duen Alberto San Juan gizonezko aktore onenaren atalean da finalista.