Donostia Zinemaldiak 2024ko irailaren 20tik 28ra bitartean ospaturiko 72. edizioaren memoria zabaldu berri du. Bertan jasotako datuen arabera, 172.000 ikusle baino gehiago izan dira eta, 5.300 akreditatu baino gehiagorekin, bere marka hautsi du beste behin ere.

172.301 ikusle bildu dira, 53 herrialdetako jatorri zuten 252 tituluren 676 emanaldietan. Alta, 2023an, 158.194 ikusle izan ziren; beraz, %8,9 igo da ikusle kopurua 72. edizioan. Era berean, akreditatuen marka hautsi du Zinemaldiak: iaz, 5.000 pertsonen kopurura iritsi zen lehen aldiz, eta, aurtengo edizioan, 5.314 izan dira; hots, iaz baino %5,8 gehiago. Zifra horren erdia, gutxi gorabehera, Industria arloari dagokio: 2024an, 2.392 akreditatu izan zituen, 2010ean baino %143 gehiago (984 izan ziren orduan). Aipatu beharra dago, ordea, urte horretan industriari laguntzeko estrategia berri bat jarri zuela abian Zinemaldiak.

Bide beretik, Zinemaldiaren jarraipena egiten duten kazetarien kopuruak ere egin du gora, batik bat nazioarteko prentsari dagokionez: azken edizioan, nazioarteko 202 hedabidetako 226 kazetari izan dira gurean, %27 eta %17 gehiago, hurrenez hurren.

Bes72. edizioan, Donostia Zinemaldiak ahots berriei eman izan dien garrantziaren lekuko diren bi urteurren izan ditugu. Batetik, orain dela 50 urte egin zen lehen aldiz Errealizadore Berriak jatorrizko saila. Gaur egun, New Directors eta Nest sailetan hedatzen da, bai eta lehen eta bigarren filmen programazioan ere sail guztietan: 54 izan ziren 72. edizioan, horietako bost Sail Ofizialean. Bestetik, Ikusmira Berriak sailaren egonaldiek hamargarren urteurrena ospatu da. Erabat finkatuta daude, eta izen ona dute estatu eta nazioarte mailan.

Datu hauek eta beste hainbat bildu dituzte Zinemaldiaren 2024ko Memorian: Zifrak, filmen zerrendak, WIPak eta proiektuak ditu, eta, gainera, Pentsamendua eta Eztabaida saileko eta ikasturtean zehar Koldo Mitxelena Kulturunearekin batera antolatzen den Zinemagileen arteko elkarrizketak ekimeneko elkarrizketen hausnarketak jasotzen ditu. Horiez gain, Z365 (urte osoko Zinemaldia) arloaren jardueren aipamenak ere jasotzen ditu artxiboak.

Ekitaldiaren webgunean dago eskuragarri abenduaren 12tik  aurrera. HEMEN ikus dezakezue.