Tabakalerak ateak irekiko ditu bertan aritzen diren sortzaileen lanak ikustarazteko. Artisten estudioak ikusteko bisitak, ikastaroak, hitzaldiak, proiekzioak eta kontzertuak izango dira asteburuan Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan.

Donostiako Tabakalera – Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak, sorkuntzaren ikur den heinean, hainbat eta hainbat programa ditu abian bertako sortzaileen artean aukera berriak sustatu eta bultzatzeko. Bada, horien guztien lagin zabala erakutsiko dute abenduaren 13an eta 14an ospatuko den ate irekien jardunaldian.

Ostiraleko jarduera-programa Elias Querejeta Zine Eskolan hasiko da bertako ate irekien jardunaldiarekin. Arratsaldean, Tabakalerako Artisten Guneak bere ateak irekiko ditu bertako diziplina anitzeko artista egoiliarren estudioak bisitatzeko: Andrea Aguilera, Miren Bayona, Cesare Botti, Alba Fernandez, Maria Garcia Marraco, Zuriñe Mariño, Mar Reykjavik, Ainize Sarasola, Emmy Skensved eta Noa Verkeyn.

Abenduaren 14an, larunbata, 3. solairuko gunean, Eginzaleak! 2024 “egitearen” kulturari buruzko topaketa izango da, Food Hack Labekin lankidetzan.

Gurera itzulita, , Tabakalerako zinemak ere bat egingo du jardunaldiarekin, eta zinema ikasleen lanak ikusteko saio berezia egingo du. Hala, Nest 2024 topaketaren film labur irabazlea ikusi ahal izango da eta, harekin batera, Elias Querejeta Zine Eskolako ikasleek zuzendutako bi film laburrek osatuko dute programa: Julen Etxebarriaren El tercer paisaje eta Mario Velosoren Chuvas de verão.

Musika ere izango da Tabakaleraren Ate irekien asteburuan. Ostiralean, DJ N4JU arduratuko da Artisten Gunea girotzeaz, eta larunbatean, Putas Amak taldearen eta LaMia Mariren kontzertuekin itxiko da egitaraua.