Kirikoketa idazketa tailerraren baitan, zinemagile nafarraren 592 metroz goiti (2018) eta Paraiso (2021) lanak proiektatuko dituzte Ospitalean; ostean solasaldia egingo da.

Zine gaualdia Maddi Barber-zinea

Ipar Euskal Herriko zinemaren alorreko eragileen arteko lotura indartu eta harrera zerbitzua eskaintzeko asmoz sortutako Zukugailua elkarteak hirugarrenez antolatu du Kirikoketa idazketa tailerra, Irisarrin. Egitasmoaren helburua zinema egileei haien praktikan eta ibilbide profesionalean laguntzea izanik, lantegiak deialdian aukeratutako proiektuen indarrak eta berezitasunak agerian utziko ditu, ikuspegi zinematografiko ezberdinetan idazle bakoitzarentzat bidea topatzeko.

Hautaketa-batzordeak sei proiektu aukeratu ditu, eta horien arduradunak abenduaren 9az geroztik trukaketa kolektiboak gauzatzen ari dira, proiektu bakoitza artistikoki aztertzen, indarrak eta ahuleziak identifikatzen. Bada, prozesuaren baitan, Maddi Barber zinemagilearekin zine gaualdia prestatu dute abenduaren 13rako.

Irisarriko Ospitalean, 19:00etan hasita, 592 metroz goiti (2018) eta Paraiso (2021) -azken hau Marina Lameirorekin batera zuzendutakoa- proiektatuko dituzte, jatorrizko bertsioan eta frantsesezko azpitituluekin. Emanaldiaren ostean Barberrekin solasaldia egingo da.

  • 592 metroz goiti (2018) 24’

Zer-nolako bizi aukerak geratzen dira lurralde batek erabateko aldaketa jasaten duenean? 1990eko hamarkadan, Nafarroako Pirinioetako maldetan Itoizko urtegia eraikitzeko zazpi herri eta hiru erreserba natural urperatu zituzten. Egun, 592 metroen kotan, lur biluziak bailarako paisaian marra banatzaile bat marrazten du: kota horren azpitik ura dago, eta gainetik, bizitzak aurrera dirau.

  • Paraiso (2021) 22’

Bi gizonek pinuen altuera neurtzen dute. Emakume batek zuhaitzek erraten dutena entzuten du. Herriko haurrek oihal-etxolak jartzen dituzte. Punduekin osatu hodei numeriko batek basoa agerrazten du. Pinuek galdetzeko erran zuten. Leku honi « Paradisua » erraten zioten. Laster makinak arribatuko dira.