Euskadiko Filmategiaren Kontserbazio sailaren ekinez eta zuzendari nafarraren gainbegiradaz zaharberritu dute Montxo Armendarizen Nafarrako ikazkinak (1981) lana, eta Tasio (1984) filmarekin batera proiektatuko dute Tabakaleran eta Artium Museoan.
Euskadiko Filmategiaren Kontserbazio sailak buruturiko lehen zaharberritze-proiektua da Montxo Armendarizek 1981ean zuzendutako Nafarrako ikazkinak (Carboneros de Navarra) lan dokumentala. Hain zuzen, filmategiak 2023ko amaieran eskuraturiko MWA enpresa alemaniarraren Spinner S eskanerra izan dute lanerako tresna nagusiak, zeinak formatu guztietan digitaliza dezake, 13,5 K arteko kalitatea lortuaz. Bada, ezaugarri horiei esker, zehaztasun handienarekin digitalizatu eta zaharberritu ahal izan dira obra honen fotogramak, irudien eta soinuaren kalitateak Armendárizen jatorrizko asmoa fideltasunez islatzen duela ziurtatuz. Gainera, Montxo Armendariz berak gainbegiratu du prozesua.
Egur-ikatza eskuz egiten zuten azken ikazkinen erretratu korala jasotzen Armendarizek 1980an Nafarroako mendietan errodatutako dokumentalak. Are, gutxieneko aurrekontuarekin, lau lagunez osatutako taldearekin eta muntaketa plan zehatz bat jarraituaz onduriko proiektu horren filmaketan egin zuen topo bere ibilbidean mugarria izango zen Tasio (1964) filmaren gaiarekin.
Bada, lanaren azken bertsio zaharberritua datorren abenduaren 15ean aurkeztuko dute jendaurrean, Donostian, 19:00etatik aurrera Tabakalerak hartuko duen saio berezian. Aparteko hitzordua izango da, hain zuzen, Tasio (1984) ere proiektatuko dutelako, eta errealizadore nafarra ere bertan izango delako. Halaber, Gasteizko Artium Museoan ere egingo dute emanaldi bikoitza, abenduaren 22an, 19:00etan.
Xehetasun gehiago eta sarreren salmenta, HEMEN.