Jose Ramon Soroiz, Nagore Aranburu eta Kandido Uranga izango dira Maspalomas izeneko proiektu berriaren protagonistak. Vicente gizon nagusi homosexualaren istorioa kontatzen du, adinekoen egoitza batean sartu eta bere izaera ezkutatzea erabakitzen duenean.
Marco (2024) filmaren ibilbide komertzialaren hastapenetan eman dute berria, arrakastaren aparrak blaituta-edo: Ezabatutako identitateak hizpide, Kanariar Uharteetan eta Euskal Herriko hainbat txokotan errodatzen ari dira seigarren lana izango dutena. Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregi izango dira kapitainak, eta Jose Ramon Soroiz, Nagore Aranburu, Kandido Uranga, Zorion Egileor eta Kepa Errasti aktoreek osatu dute talde-artistikoa.
Maspalomas izena hartuko duen proiektiak, Jose Mari Goenaga jatorrizko gidoiarekin, Vicente adineko gizon homosexualaren istorioa kontatuko du, zehazki, zaharren egoitza batean sartzen dutenean, “armairura itzultzea” erabakitzen duen unetik hasita. Hain zuzen ere, lana, “konfinamendu psikologikoei (eta fisikoei)” eta “ezabatutako identitateei” buruzko istorioa da, eta Goenaga berak azaldutakoaren arabera, “nondik hasi ez dakizunean ingurune batzuetan aldarrikatzea zein zaila den, eta dagoeneko konkistatutakoa galtzearen erreztasunaren inguruan” hausnartu nahi du.
Pelikulak dituen ezaugarrien artean bada bereziki deigarria den bat: 35mm-tan filmatzen ari direla. Horrez gain, nabarmendu dute, azken bi proiektu luzeak ez bezala, euskarazko filma izango dela honakoa.
Bada, zortzi aste inguruko filmaketa lana izango dute aurretik.