Maila zinematografiko “itzela” eta Euskaldunako aretoa “lepo”, nazioarteko zein etxeko protagonista andana bildu zituen ekitaldi hunkigarriarekin eman zioten hasiera iragan ostiralean BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia zinemaldiaren 17. edizioari. Abenduaren 15era bitartean luzatuko da.

Jaialdiak banatzen dituen sarien artean bereziena den WOP Mendi Film Sariaren banaketa ekitaldiarekin eman zioten hasiera mostrari abenduaren 6an, Euskadiko eta Nafarroako Federazioak ohoretu zituen gaualdi ederrean. Ekitaldi horretan bertan, gainera, 2024ko udaran K2 mendia eskalatzeko saiakeran zendutako Kazuya Hiraide eta Kenro Nakajima alpinista japoniarrei eskainitako oroitza keinua izan zen, hunkigarria zinez.

Izan ere, ikusle eta gonbidatuek lepo bete zen Euskaldunako Auditorioa, eta hala egin dute larunbat eta igandez ere. Astelehenetik aurrera, ordea, Euskaldunatik BBK Aretora egingo dute aldaketa. Arratsaldeetan egingo dituzte saioa, bina saio eguneko, 17:30ean eta 19:30ean, pelikula interesgarri mordoa eta gonbidatu orotarikoak haiek aurkezteko.

226 pelikula inskribatu dira aurten Mendi Filmen. Sekula eman den kopuru handiena da honakoa, orain arteko 17 edizioetan oparoena. Hala, horien arteko 49 pelikula proiektatuko dira aurtengo BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia zinemaldian. Mendia, abentura, muturreko kirolak eta natura gaiak jorratzen dituzten pelikulak dira, guztiak produkzio berriak, gehienera jota 2 urte baino ez dituztenak.

Izan ere, Mendi Film nazioarteko jaialdi erreferentea dela berretsiz, hainbat herrialdetako ekoizpenak daude hautatuen artean: Euskal Herritarak (11 film), noski, eta baita Espainia, Frantzia, AEB, Italia, Austria, Erresuma Batua , Eslovenia, Kanada, Suitza eta Norvegia aldetik etorritakoak. Koprodukzioak ere dezente dira: AEB-Belgika, AEB-Kanada, Suitza-Italia, Suitza-Polonia, Txile-Argentina. Batzuk zein besteak, jaialdiko Sail Ofizialean edota Zabalandi atalean izango dira ikusgai.

Hala, Sail Ofizialean, palmareseko sariak eskuratzeko lehian, 40 pelikulek hartuko dute parte. 24.800 euro banatuko dira 12 saritan, eta honakoek osatuko dute horiek ebazteaz arduratuko den epaimahaia: Michael Dillon, zinemagile australiarra; Joni Cooper, Banff edota Doxa-Vancouver zinema jaialdietako zuzendari izandakoa;  Oscar Gogorza, kazetari eta mendi gidari euskal herritarra; Toon Hezemans, Dutch Mountain Film Festivaleko zuzendaria; Haizea Huegun, musika konposatzaile euskal herritarra.

Era berean, Zabalandi sailari dagokionez, lehiaz kanpoko  9 pelikula aurkeztuko dira. Tartean, iaz Mendi Film Beka jaso zuen Peligro. No asomarse, aurtengo IAMF Sari Nagusia jaso duen Renan Ozturk zinegilearen The Ghosts Above, SOS Himalaya Fundazioak babestutako Moving Himalayas, edota Hasiera Ekitaldirako programatutako Nuptse. L’Inaccessible absolu.

Ikusi 49 film parte-hartzaileen zerrenda xehe, HEMEN.

Sarreren salmenta: www.mendifilmfestival.com