Zinema Euskaraz programako Balorazio Batzordea osatzeko deialdiaren ebazpenaren berri eman du Zineuskadik Elkarteak. Bost hautagaitza aurkeztu dira, orotara, eta denak onartu egin dira.
Zinema Euskaraz EAEko zinema-areto komertzialetan eta zirkuitu alternatiboetan haurrei eta gazteei zuzendutako euskarazko filmen eskaintza sustatzen duen programa da, ea Zineuskadi Elkarteak bultzatzen du, EZAEren laguntzarekin. Bide beretik ere, Zineuskadi zinema-aretoetan estreinatzen diren film luzeen (fikziozkoen, dokumentalen eta animaziozkoen) euskarazko bikoizketa- eta/edo azpititulazio-gastuetarako eta film horien sustapen-gastuetarako laguntza-ildo baterako deialdia egiten du urtero. Laguntza-ildoaren onuradun diren proiektuak Balorazio Batzorde baten bidez aukeratzen dira. Batzorde hori urtero eratzen da eta abenduan berritzen da.
Hortaz, Zinema Euskaraz programaren esparruan filmen bikoizketara eta/edo azpititulaziora bideratutako laguntzen organo erabakitzailea da Zinema Euskaraz programako Balorazio Batzordea. Hain zuzen ere, organo horretako kide izateko izena emateko deialdia da honakoa, eta bertanparte hartu ahal izan dute egoitza, zerga-egoitza eta bulegoa Euskadin duten kolektibo edo elkarte guztiek, behar besteko ahalmena duen pertsona fisiko batek ordezkatuta..
Kandidatura bakoitzak txosten bat aurkeztu behar zion Zineuskadi Elkarteari, hautagaiaren izenarekin, haren historia profesionalarekin eta aipamen labur batekin. Hamabost egun naturaleko epea izan dute, azaroaren 20ra bitartekoa, eta Zineuskadi bera arduratu da behin betiko hautaketa egiteaz.
Bada, bost hautagaitza aurkeztu dira, orotara, eta Zineuskadik jakinarazitakoaren arabera, denak onartu dira:
- Irudi Berria Elkartea – Octavio González Trueba
- Irudi Biziak Elkartea – Usua Haba Peña
- Tinko Euskara Elkartea – Iñigo Arandia
- Pantailak Euskaraz – Xumar Altzugarai
- Zinhezba Kultur Elkartea – Helena González
Aukeratutako erakundeak kargua onartu ondoren sartuko dira jardunean, eta, aldi berean, Zineuskadirekin solaskidetza-lanak egingo dituen pertsona bat izendatuko dute. Horretarako, 3 egun balioduneko epea izan dute kargua onartzeko -ebazpen hau argitaratu zenetik- eta, horren ostean, Zineuskadik online bilera batera deituko ditu, ordezkari papera nork beteko duen erabakitzeko.
Ikusi ebazpena xehe, HEMEN.