Gerra zikinaren baitan, 70eko eta 80ko hamarkadan erail zituzten lau astigartarri buruzko dokumentala errodatu dute Unai Alberdik eta Eneritz Aulestiak, Astigarragako Udalaren bultzadarekin. Bi aurkezpen emanaldi eskainiko dira, abenduaren 13an eta 15ean, Erribera Kulturgunean.

Astigarragan ere, Euskal Herriko hamaika txokotan bezala, motibazio politikoak eragindako indarkeria egoera gordinak bizi izan dira eta guztiek ondorio bera izan dute: sufrimendu eta min sakona herritarren artean. Garaiak aldatuz joan dira urteen igarotzearekin – gerra zibila, diktadura, trantsizioa, demokrazia-, baina indarkeriazko gertakari guztiak ezaugarri berberak partekatu dituzte, giza eskubideen urraketa larriak.

Bada, justizia, erreparazioa eta egiarako eskubidea oinarri hartuta, Gerra Zibilaren biktimei egiten zien Orri zuriak betetzen (2023) dokumentala aurkeztu zuen iaz Astigarragako Udalak. Hori osatzeko, trantsizio garaian, 70eko eta 80ko hamarkada,  hil zituzten astigartarrei buruzko dokumentala aurkeztu dute orain: Orbanen egia (2024).

Ikus-entzunezkoak Joseba Barandiaran Urkola (1979ko uztailaren 11n eraila), Tomas Alba Irazusta (1979ko irailaren 28an eraila), Bixente Perurena Telletxea (1984ko otsailaren 8an eraila) eta Agustin Irazustabarrena Urruzola “Legra” (1985eko irailaren 25ean eraila) astigartarren hilketak azalaratzen ditu; egiarako bidean, biktimen familiartekoei hitza emanez. Horietaz gain, gaian adituek direnen parte hartzea ere badu dokumentalak: Javi Buces Cabello (Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea eta historialaria), Sabino Cuadra Lasarte (San Fermines-78 gogoan! taldeko kidea) eta Pilar Garaialde (Egiari Zor elkarteko kidea).

Iragan asteartean aurkeztu zuten lana prentsaurrean, eta bertan izan ziren Udal Gobernuko ordezkariak, eta baita dokumentalaren egileak: Unai Alberdi eta Eneritz Aulestia. Xabier Urdangarin alkateak azaldutakoaren arabera, Orri zuriak (2023) lanak abiatutako bideari jarraipena eman eta gero,  justizia eta erreparazioari eskainitako zikloa itxiko du ere. Aldiz, Eneritz Aulestia zuzendariak proiektuan parte-hartu duten bidailagun guztiak izan zituen gogoan: “Inoiz baino gehiago, dokumentalaren indargunea da testigantza zuzenak ditugula. Askotan ez da erraza izaten, zauriak irekitzen ditugulako, eta horregatik eskerrak eman nahi dizkiegu”.

Ikus-entzunezkoak ordubete eta 10 minutuko iraupena du eta euskaraz grabatuta dago, gaztelaniazko azpitituluekin. Dokumentalaren bi aurkezpen-emanaldi eskainiko dituzte datozen egunetan, biak ala biak Erribera Kulturgunean. Lehen abenduaren 13an egingo dute, 19:00etan, eta bigarrena abenduaren 15ean izango da, 19:00etan.

Sarrera doakoa izango da, baina gonbidapena behar da. Erribera kulturgunean edo udalaren webgunean eskuratu daitezke.