Abenduaren 15era bitartean, bost film luze eta bederatzi labur pantailaratuko dituzte, tartean, hainbat proiektu euskal herritar. Filmak Errenteriako Niessen Zinemak aretoan emango dituzte, 19:00etan hasita, eta sarrera doan da.
Iaz ez bezala, abenduan ospatuko dute aurten, Errenteriako Zinema Dokumentalaren eta Giza Eskubideen Jaialdia. Hain zuzen ere, gaur bertan abiatuko dute festibalaren hirugarren edizioa, eta antolatzaileek adierazi dutenez, “jaialdiak integrazio, lankidetza eta elkarrizketa handiagoa izango du Errenteriako Udaleko Kultur Aniztasuna, Garapenerako Lankidetza eta Giza Eskubideen Sailak sustatutako Giza Eskubideen Jardunaldiekin; aurten hamargarren urteurrena ospatuko da”.
Ozzinema Zineklubaren zuzendaritza duen zinemaldia hilaren 15era arte luzatuko da, eta Urraketak argira lelopean gauzatuko dute. Ondoko gaiak landuko dituzten 14 film -bost film luze eta bederatzi film labur- erakutsiko dituzte: etxebizitzarako eskubidea, feminismoa, LGTBI kolektiboa, indarkeria politikoa, migrazioa eta ekologismoa. Besteak beste, ikusgai izango dira Indarkeriaren Oi(h)artzunak (Amaia Merino eta Ander Iriarte), Zona Wao (Nagore Eceiza), Puzzleak (Kote Camacho), 16060 egun (Iñaki Alforja eta Iban Toledo) eta Las que sobrevivimos (Itxaso Díaz) proiektu euskal herritarrak.
Saio bakoitzaren aurretik aurkezpena egongo da, eta ostean solasaldia. Hala, herritarren parte hartzea sustatu nahi dute, eta ikus-entzuleek propio publikoaren saria erabakiko dute. Aldiz, sari ofizialak ondoko epaimahaiak ebatziko ditu: Juan G. Andres (Donostia Zinemaldiko hautaketa taldeko eta komunikazio taldeko kidea), Elixabete Imaz (antropologo ikertzaile eta EHUko irakaslea) eta Octavio Romano (Alboan Gobernuz Kanpoko Erakundeko ekoizpen proiektuaren arduraduna).
Filmak Errenteriako Niessen Zinemak aretoan emango dituzte, 19:00etan hasita, eta sarrera doan da. Bertaratzeko, baina, gonbidapenak eskatu beharko dira Lekuona Fabrikan edota online. Sari-banaketa ekitaldia abenduaren 15ean egingo dute, 18:00etan; lan irabazleak berrikusi ahalko dira, eta lehiaz kanpoko Los Cayucos de Kayar Alvaro (Hernandez Blanco) film laburra emango dute ere.
Ezgutu egitaraua, hemen.