Hipotesien garaia izeneko ekitaldi segida batean aurkeztuko dituzte, lehen aldiz jendaurrean, master amaierako lanak EQZEko 45 ikasleek, abenduaren 10an, 11n, 12an, 17an eta 20an. Gainera, datorren ostiralean, abenduaren 13an, 2025-2026 ikasturtera begirako ikasle berrientzako ate irekien eguna izango da.
Elías Querejeta Zine Eskola (EQZE) Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Departamentuaren baitakoa den arren, orain arte modu pribatuan -erakunde barruan- egin izan dira proiektuen aurkezpenak. Bada, 2023-2024 ikasturtean, lehen aldiz zabalduko zaio publikoari azken promozioko ikasleen lanen aurkezpenetara bertaratzeko aukera.
Ekitaldia Hipotesien garaia izenburupean burutuko da, abenduaren 10etik 13ra, 17an eta 20an, Zine Eskolak Tabakaleran duen AUDITORIUMean, eta aukera bikaina izango da EQZEko hiru espezialitateetako (artxiboa, komisariotza eta sorkuntza) Masterreko ikasleen azken lanak ezagutzeko. Bertan, ikasleek ikasturtean zehar garatu dituzten hipotesi desberdinak aurkeztu ahal izango dituzte, «zinemaren etorkizunerako begirada bat oinarritzeko; irakasteko, ikus-entzunezko ondarea mantentzeko eta sorkuntza zinematografikorako bide berriak aztertzeko».
Hala, ekitaldian parte-hartuko duten ikasleek askotariko proiektuak aurkeztuko dituzte, hala nola, ikus-entzunezko ondarearen zaharberritzeak eta mantentzeak, programazio zinematografikoko proposamenak, garapen bidean dauden sorkuntza lanak, erakusketak, instalazioak eta ikerketa proiektuak. Oro har, lanek ikuspegi akademiko eta sortzaile desberdinetatik heltzen diote zinemari, eta genero eta formatu espektro zabala hartzen dute, erakutsiz proiektu bakoitzak biharko zinema imajinatzen nola laguntzen duen.
Gainera, bertaratzen direnek zinema garaikidearen erronka eta aukerei buruz hitz egin ahal izango dute ikasle eta irakasleekin, eta eskolak zinea eta zineko diziplinak garatzeko proposatzen dituen bideak aztertu ahal izango dituzte.
Ikusi programaren xehetasunak, HEMEN.
Ate irekien jardunaldia
Master amaierako lanen aurkezpenaren esparruan, abenduaren 13an (ostirala), EQZEk ate irekien jardunaldi bat antolatu du, batez ere, unibertsitateko eta lurraldeko ikus-entzunezkoen arloko prestakuntza zentroetako ikasleei bideraturikoa.
Jardunaldi honek aukera emango du eskolaren prestakuntza eskaintza sakon ezagutzeko, eta baita azken urteotan egin diren ekoizpen zinematografikoak eta ikerketa garrantzitsuenak ezagutzeko ere. Gainera, eskolan ekoitzitako obra nabarmenetako batzuk aurkeztuko dira, munduko jaialdi garrantzitsuenetan estreinatu direnak.
Orain arte, 40 pertsona inguruk eman dute bisitarako izena, baina Eskolatik gogorarazten dute jardunaldian izena emateko epeak zabalik jarraitzen duela eta webgune honetan egin daitekeela: www.zine-eskola.eus.