Euskarazko irudi heziketa programaren edizio berrian hiru film eskainiko dituzte, Ipar Euskal Herriko zinema-geletan. Parte hartu nahi duten irakasleek 2024ko abenduaren 22ra arte eman dezakete izena.
EKE – Euskal Kultur Erakundearen ekimenez sustaturiko ZINESKOLA programak ondoko erakundeen babesa eta partaidetza du: Zukugailua, Cinéma & Cultures, Cinévasion, IKAS – Euskal Pedagogia Zerbitzua, Hezkunde Nazionala eta Zineuskadi Elkartea. Hiru helburu espezifikoren baitan elkartu dira guztiak: Euskara irakasle zein Ipar Euskal Herriko lehen mailako ikasleei euskarazko animazio film interesgarriak proposatzea; horien bitartez, laguntza pedagogiko egokia eskaintzea eta euskara eskolatik kanpo erabiltzeko parada ematea.
Bada, horretarako, EKEk eta bere partaideek, 2025eko martxoaren 10etik apirilaren 18ra eskainiko dituzten hiru filmez osatutako programazio berezia atondu dute. Grufaloa (Max Lang eta Jakob Scuh, 2018), Teresa eta Galtzagorri (Agurtzane Intxaurraga, 2017) eta Phantom Boy (Jean-Loup Felicioli eta Alain Gagnol, 2016) dira film hautatuak, eta irakasleei formakuntza saioak eskainiko zaizkie bertako edukiak ikasleekin landu ditzaten.
Zinema-gela parte-hartzaileei dagokienez, Atalanten (Baiona), Le Royalen (Biarritz), Le Sélecten (Donibane Lohizune), Haritz Barnen (Hazparne), Itsas Mendin (Urruña), L’Aiglonen (Kanbo), Maule Baithan (Maule), Saint-Louis zinema gelan (Donapaleu), Le Vaubanen (Donibane Garazi), Les Variétésen (Hendaia) eta Getari Enean (Getaria) ikusi ahalko dira filma.
Emanaldien kostua 2,80€-koa izango da haur bakoitzeko, eta eskola bakoitzaren esku egongo da garraioa antolatzea. Parte-hartu nahi duten irakasleek 2024ko abenduaren 22ra arte dute izena aukera berariaz atondu duten formularioa betetzeko.
Programan izena eman ondotik, ikastetxe bakoitza zuzenki harremanetan sartuko da hurbilen duen zinema gelarekin, emanaldiaren eguna eta ordutegia finkatzen hasteko.
Deialdiaren informazioa xehe, HEMEN.