Zuri-beltza oinarri duen kartel ofizialean trazu koloretsuak ageri dira, iragana, oraina eta geroa irudikatzeko. Guztira, 94 lan jaso dituzte deialdian: % 61 dira euskaraz errodatutakoak; % 43 emakumezkoek zuzendutakoak.
2025eko urtarrilaren 22tik 24ra bitartean ospatuko da Huhezinema – Euskal Film Laburren Jaialdiaren 18. edizioa, eta hilabete luze falta bada ere, dagoeneko festibalaren iruditeria berria aurkeztu du Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazioa graduko ikasle taldeak.
Hainbat ikaskideren diseinu eta ideiak batuz erabaki dute kartel ofizialaren azken bertsioa. Zuri-beltza oinarri, kamera handi bat eskuetan duen emakume zinemagile bat jarri dute protagonista, “figura hori goraipatzeko intentzioarekin”.
Iraganari erreferentzia egiten dion hautuaren gainean, aldiz, trazu koloretsuak ageri dira: horia, urdina, gorria eta laranja. Burutik tentakulu antzekoak dira, ideia irudikatzen dituztenak, eta jaialdiaren izenen letren artean nahasten direnak: “Taldeak garai bateko emakume zinegileari (baita egungoari ere) keinua egin nahi izan dio. Eta horrela, emakumeek zineman jasandako zailtasunak salatu eta figura hori presente eduki. Kolorerik gabeko garai horiek koloretsu bihurtu nahi izan dituzte ikaskideek, iragana oinarri izanik, oraina eta geroa proiektatzeko”.
Deialdian jasotako lanak
Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazioa graduko ikasleek 94 lan jaso dituzte azaroaren 17ra arte irekita izan duten deialdian, 49 Sail Ofizialean. Aldiz, zehaztu dute aurkeztutako obren % 21 Ikasleen Sailean aritzeko proposamenak zian dira. Azkenik, 25 bideoklip jaso dituzte.
Lan guztien artean, % 43 izan dira emakumezkoenak, eta antolakuntzak berri on gisa hartu du, “tradizionalki gizonez nagusitutako sektorea delako eta jaialdian emakumeek ere presentzia handia izango dutelako”.
Euskaraz errodatutako lanei dagokienez, jasotako guztien % 61 izan dira. Gainerakoak gaztelaniazkoak, ingelesezkoak edota bestelako hizkuntza batekoak dira.
Hautaketa-batzordeak hiru sail lehiakorretan erakutsiko dituzten finalistak aukeratuko ditu eta kategoria bakoitzeko ohiko sariak irabazteko hautagaiak izango dira. Horiez gain, Mundukide, HAZI eta Berria sariak emango dituzte aurten, elkarte kolaboratzaileek jarritako irizpideak eta baloreak hobeto ordezkatzen dituzten lanak aitortuz.
- Mundukide Saria (700€): gaur egun munduan dugun lekuaz hausnartzera gonbidatzen gaituen lan onena.
- HAZI Saria (600€ eta Euskal produktuen otarra): basogintza, landa eta itsasertzeko ingurunea eta bertan gertatzen ari den belaunaldi aldaketa hobekien islatzen duen lan onena.
- Berria Saria (350€ eta sei hilabeteko harpidetza doan): emakumearen presentzia hobekien islatzen duen lana; emakume zuzendari batek eginikoa denak edo emakumearen papera eta berdintasuna bultzatzen duenak. Beti ere, euskaraz bada.