18:30ean hasita, zinemagile gasteiztarraren biografia eta bere sormen-prozesuak -Irati (2022) filma abiapuntu- ezagutaraziko dituzte, Bilboko Azkuna Zentroko Mediateka BBK aretoan. Bertaratzea doan da, baina aurretik izena eman behar dute interesatuek.
Irailean martxan jarritako egitasmoari jarraipena emanez, Azkuna Zentroko BBK Mediatekak antolatutako ‘Argiak, kamera, ekin!’ zinema-elkarrizketen hitzordu berri bat hartuko du gaur kultur zentroak. Hileroko topaketen baitan, Paul Urkijo zuzendari gasteiztarra izango da protagonista, eta gurean zein nazioartean arrakastatsu izan den Irati (2022) izango da solasaldirako abiapuntua.
Eraikineko TK101 eta TK 201 aretoetan gauzatuko da topaketan, 18:30etik 19:30era bitartean, eta sortzailearen biografia eta bere sormen-prozesuak ezagutzeko aukera izango dute bertaratutakoek, filmen gaien eta egungo testuinguru sozialaren arteko paralelismoak bilatuz. Gainera, zentroko materialak erabiliko dituzte, eta bibliografia espezifikoa ere erraztuko dute, hala nola, filmek oinarri dituzten eleberriak eta/edo komikiak eta Mediatekaren ikus-entzunezkoen funtsean dauden soinu-bandetako batzuk. Sarrera doan da, baina webgunean izena eman behar da aldez aurretik.
Euskaraz errodatuta, Eneko Sagardoy eta Edurne Azkarate dira Irati filmeko bikote protagonista, eta Iñigo Aranbarrik, Elena Urizek, Iñaki Beraetxek, Ramon Agirrek, Kepa Errastik eta Itziar Ituñok osatu dute aktore-zerrenda. Ikusgarri Films, Bainet eta Kilima Media ekoiztetxeek babestu dute proiektua. Sitgesko Fantasia eta Beldurrezko Zinemaldian aurkeztu eta saridun izan ostean, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean sari nagusia errepikatzen historiako lehen euskal zinemagilea bilakatu zen Urkijo proiektu honekin, izan ere, berau Iratiko basoa bezain handi badela erakutsi zuen.
Zuzendari arabarraren bigarren film luzeak euskal mitologia ardatz duen ekoizpen epikoa pantaila handian ikustera erakarri zituen Hego Euskal Herriko ikus-entzuleak. 30 kopia izan zituen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, eta asteburuko film ikusiena bilakatu zen. Ez hori bakarrik, euskarazko film batek inoiz izan duen estreinaldirik arrakastatsuena izan zen, eta espainiar lurraldean ere lehen hamar film ikusienen artean sartzea lortu zuen.
Filmaren nondik norakoak
VIII. mendea. Kristautasuna hedatzen ari da Europan, eta sinesmen paganoak desagertzen. Frankoen erasoaldiaren ondoren, Karlomagnoren armada Pirinioak zeharkatzera doala, ibarreko jaunak laguntza eskatuko dio antzinako jainkosa bati. Bizitza ematea suposatuko dion odolezko itun baten bitartez, etsaia garaitzea lortuko, baina lehenago, Eneko semeari hitz emanarizko dio bere herria babestu eta gidatuko duela aro berrian.
KRITIKA | IRATI: Euskal kondairen lurraldea
Urte batzuk beranduago, helburu zehatz batekin egingo dio aurre Enekok promesa hari: aitaren gorpua berreskuratu beharko du, Karlomagnoren altxorrarekin batera modu paganoan lurperatuta dagoena. Kristau fedekoa izanik, Enekok ibarreko pagano baten laguntza beharko du, Irati deituriko emakume enigmatiko bat. Bi gazteak oihan bitxi eta ilun batean murgilduko dira: bertan, diotenez, “izena duen guztia bada”.